Lakuako jantokiko garbikuntzako azpikontratak soldatak garaiz ordaintzen ez zituela salatu zuen ELAko ordezkari bat kaleratu dute
Lakuako jantokia garbitzen lan egiten zuen ordezkari sindikal bat martxoaren 31n kaleratu zutela salatu du ELAk. Langileak salatu zuen 2019tik zerbitzuaren esleipena duen Made For Success enpresak ez zituela ordainketak garaiz egin; salaketa horiek Ikuskaritzak berretsi zituen eta hutsegite larritzat jo zuen hileko ordainketak behin eta berriz ez betetzea, 20 eguneko atzerapena ere iizateraino. Gauzak horrela, Lan Ikuskaritzak ELAri arrazoia eman eta enpresa zigortu zuen. Bada, orain langilea kaleratu du enpresak. ELAk Eusko Jaurlaritzaren jarrera ere deitoratu du, egoera hori ezagutzen duelako eta zerbitzuaren azken arduraduna delako. “Ezin da onartu administrazio publiko batek zerbitzu bat azpikontratatzea eta bertako langileen baldintzen jarraipena ez egitea”, nabarmendu du.
Plantilla zazpi emakumek osatzen dute, eta guztiek lanaldi partzialak dituzte. Ordainketetan izandako atzerapenez gain, enpresak ez zuen ematen zegokion laneko arropa, ezta eginkizunak behar bezala betetzeko behar zen materiala ere.