GIZALAN KONGRESU KONFEDERALA

Lakuntza: “Zerbitzu publiko onak defendatzea euskal subiranotasuna defendatzea da”

2025/11/13
Lakuntza: “Zerbitzu publiko onak defendatzea euskal subiranotasuna defendatzea da”
217 ordezkarik Igor Eizagirre hautatu dute idazkari nagusi, zerbitzu publikoak, euskara zerbitzu publikoen komunikazio-hizkuntza gisa eta zaintzak publifikazioa aldarrikatzeko.

ELAko Gizalaneko 217 delegatuek Igor Eizagirre hautatu dute berriro federazio horretako idazkari nagusi, gaur Donostiako Kursaalen egindako Kongresuan, emandako botoen %90,78k babestuta. Kongresua ‘Publikoa sendotzeko antolatu’ lelopean egin da, eta biltzarren arteko azken aldian federazioak egindako jarduerari buruzko kudeaketa-txostena onartu da, datozen lau urteetan ekintza sindikala gidatuko duten bost ebazpenez gain: 1) Publikoa dena eraiki, sozialetik abiatuta polarizatu, hemen erabaki; 2) Antolatu, militatu, sindikalizatu: boterea eraikitzen zerbitzu publikoak defendatzeko; 3) Euskararen aurkako oldarraldien aurrean, zerbitzu publikoetan euskaraz lan eta bizi; 4) Osasun mentala: eskubidea, lehentasuna eta guztion borroka; eta 5) Zaintzak publifikatu: publikoak, unibertsalak, kalitatezkoak eta doakoak.

Kongresu honetan delegatu gisa aritu diren 217 pertsonek 34.416 afiliatu ordezkatzen dituzte, eta horien zuzendaritza sindikala ere Igor Eizagirrerekin (idazkari nagusia) batera bozkatu da.

Gizalaneko Batzorde Iraunkor berria:

- Igor Eizagirre Alza: Idazkari Nagusia. Ertzaintza

- Iratxe Mier Villarias: Antolakuntza. Genero ekitatea

- Esther Saavedra Sanmiguel: Osasungintza Publikoa

- Miren Zubizarreta Juaristi: Hezkuntza

- Leire González Zubiri. Hezkuntza/Planifikazioa

- Eneko Agirreurreta Serna: Autonoma, Estatua, Justizia eta Enpresa Publikoak

- Urdax Bañuelos Ruiz de Erentxun: Udal-Foru Administrazioa, Gasteiz, Nafarroa

- Aintzane Orbegozo Zigaran: Urola-Kosta, Deba, Oria-Goierri, Oarso-Bidasoa

- Txomin Lasa Ormaetxea: Donostia

- Julio Fombellida Fernández: Gernika-Durango, Eskumaldea, Ezkerraldea-Kadagua

- Izai Bujanda Cambra: Nafarroako Gobernua eta Empresa Publikoak

- Arkaitz Herreros Garai: Bilbo, Ibaizabal-Nerbioi

"Arlo publikotik eta sozialetik eraiki behar da: hemen erabaki, Euskal Herriarentzat"

Gizalaneko Kongresuan Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak hartu zuen hitza, eta Euskal Herriaren etorkizuneko estatus politikoari buruz eztabaidatzen ari diren garai hauetan (bai EAEn, bai Nafarroako Lorafna berritzean), "hemen zerbitzu publiko onak defendatzea, herri gisa dugun subiranotasuna defendatzea ezinbestekoa da", azpimarratu zuen. Gaur goizean Gasteizko Legebiltzarrean egindako bozketaren emaitzari buruz hitz egin ostean (EAJk, PSEk, PPk, Sumar-ek eta Vox-ek galarazi egin dute euskal LGS bat ezartzeko HELaren eztabaida), 

ELAko idazkari nagusiak "zerbitzu publikoei lotutako beste albiste politiko bat" izan zuen hizpide: "EAEn eta Nafarroan 2026rako aurrekontuak aurkeztu dira. Eta beti gauza bera esaten dute, inoizko aurrekonturik handienak direla eta partida sozialak handienak direla. Argi dago ez dagoela loturarik alderdi horiek egiten duten propagandaren eta herritarrek bizi duten errealitatearen artean", salatu zuen Lakuntzak. Halaber, Osakidetzan, Hezkuntzan, Etxebizitzan eta beste sektore batzuetan dagoen "aurrekontuen infradotazioa" salatu zuen, Nafarroako egoerari buruz hitz egin aurretik: "Dena ondo doala esaten digute, baina pobrezia gora doa, zerbitzu publikoak infradotatuak daude, zuzeneko dirulaguntzak berriro ematen dizkiete UGTri eta CCOOri, eta enpresek gero eta ekarpen txikiagoa egiten dute beren etekinengatik". 

Igor Eizagirrek, berriz, Gizalaneko militantziaren babesa eskertu ondoren, federazioak azken urteetan egindako lana azpimarratu zuen. “Aurreko biltzarrak agindu bat utzi zigun: zerbitzu publikoak desegiteko estrategia bat dago martxan, eta horri aurre egin behar diogu. Eta agindu hori bete dugu, ez dugu beste alde batera begiratu, eta hori erakusten dute sektore publikoko ia arlo guztietan bultzatu ditugun greba eta mobilizazioek. Hasitako bideari jarraipena eman nahi diogu. Zerbitzu publikoak desegiteko estrategia honi aurre egiten jarraituko dugu. Borrokan jarraituko dugu. Datozen urteetarako bide orria 5 ebazpenetan laburbiltzen saiatu gara”.

1) “Gure agintariek herritarren beharrak asetzen ez dituzten bitartean, ezkerreko alderdiek moderazio instituzionalaren alde egiten dute. Eskuin muturra gora egiten ari da, eta ELAk publikoaren beharra aldarrikatzen du, guztiona denaren beharra. Arlo publikoaren izaera demokratikoa indartu nahi du. Zerbitzu publikoak defendatzea, balio antifaxista eta feministekin batera, herri gisa indartzea da, kohesio soziala indartzea da eta faxismoari atea ixtea”.

2) “Azken urteetan egindako urratsetan sakontzen jarraitu behar dugu: hobekuntzak mobilizazioaren bidez etorriko dira, baina, horretarako, zerbitzu publikoetako langileak antolatu behar ditugu, sindikatuen parte-hartzea, generoa eta aniztasuna bermatuz”.

3) Euskara. “Euskaraz lan egiteko eskubidea ere lan-eskubidea da, baina langile gehienek gaztelaniaz lan egin behar dute. Bada garaia bi hizkuntza ofizialek estatus juridiko bera izan dezaten EAEn eta euskara ofiziala izan dadin Nafarroa osoan ”.

4) Laneko osasuna. “Lan kargek, ratio eskasiak eta gehiegizko burokratizazioak osasun mentaleko arazo larria eragiten dute zerbitzu publikoetan, eta horrek ondorioak ditu plantillan eta zerbitzuan”.

5) Zaintza sistema publikoa. Horretarako, “publifikazioaren borroka praxiarekin lotzen jarraituko dugu, ez dugu esloganean geratu nahi”