BIZKAIKO ERRESIDENTZIAK

Lan hitzarmenaren berpiztea irudikatu dute grebalariek doluz jantzita

2023/04/25
Antzerkiaren bitartez salatu dute hitzarmenaren blokeoa 44.greba egunean

Bizkaiko zahar-egoitzetako langileak greban jarraitzen dute, eta, atzokoan sektorean jasaten duten kolapsoa salatu ostean, gaurkoan manifestazio bat egin dute BFAtik Misericordia egoitzaraino doluz jantzita. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundian eta sektoreko patronalek hitzarmena hiltzat jo dute. Baina mobilizazioan zehar egindako antzerkian, grebalariek desfibriladorekin hitzarmena berpiztu dute. 44.greba eguna da gaurkoa eta oraingoan maiatzaren 3ra arte izango dira borrokan, gatazka areagotuko dutela iragarri dute hitzarmen duina lortu arte.

Biharkoan greba eguna Ezkerraldera hurbilduko da. Bertan, langileek elkarretaratzea egingo dute Altos Hornos egoitzaren aurrean, langileek Zaintzen enpresaren aldetik jasaten duten presio- eta gainkarga-egoera salatzeko. Ondoren, martxa bat hasiko dute Sestaoko Albiz egoitzatik Aspaldiko egoitzaraino.