Lan Ikuskaritzak ebatzi du ez direla prebentzio neurriak bete
ELAren salaketari Lan Ikuskaritzak emandako erantzuna irmoa izan da: Domus VI taldeak Arandia egoitzan ez ditu behar adina urrats egin EAEko eskabiosiaren zaintza epidemiologikoko protokoloan jasotako detekzioan, babes kolektiboan, indibidualean eta gainerako jardueretan, ez eta Bizkaiko Zaintza Epidemiologikoko Unitateak ezarritako jarraibide gehigarrietan ere.
Txosten horren bidez, enpresa talde horren arreta eredua agerian uzteaz gain, Ikuskaritzak langileen osasunari berehalako erantzuna emateko eta Laneko Arriskuen Prebentzioaren arloko legea betetzeko eskatzen dio. ELAk Arandia Egoitzari exijitu dio berehala erantzun diezaiela langileen eskaerei eta ikuskaritzaren errekerimendua bete dezala. Era berean, ELAk administrazio eta erakundeei eskatu die eskabiosia gaixotasun profesionaltzat hartzeko.
Abenduaren 2, 3 eta 4an lehen greba jardunaldiak aurrera eraman eta gero, Arrigorriagako Arandia Egoitzako langileek mobilizatzen jarraitzen dute, “Zaintzeak gaixotasuna dakarenean" lelopean, lantokian langile faltak eragindako lan karga handiak salatzeko, eta arrisku psikosozialen ebaluazioaren arabera haien osasuna arriskuan dagoela salatzeko. Langileek beraiek ohartarazi zuten lan osasuneko neurriak eskasak zirela, besteak beste, lantokiko eskabiosi (sarna) kasuei lotutako prebentzio egoeren aurrean.