BIZKAIKO ERRESIDENTZIAK

Lanaldi partzialeko kontratuak jomugan, grebaren lehen egunean

2023/03/15
Sektorean lanaldi partzialeko kontratuak nagusi direla salatu dute Bizkaiko erresidentzietako langileek, martxoaren 24ra arte deitutako 10 grebetako lehenengoan. Grebalariek adierazi dute sektorean nagusi den partzialtasunak -batez beste, lanaldiaren %45 eta %70 bitartekoak dira lan kontratuak- ondorio larriak dituela: soldata are baxuagoak; ezegonkortasuna; langile gutxiago eta lan karga handiagoak; edo kontziliazio neurriei heltzeko zailtasunak, besteak beste.

Gauzak horrela, grebalariak kexu dira patronalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak beste alde batera begiratzen jarraitzen dutelako, 2021az geroztik ezer egin gabe. “Zaharkituta geratu den zaintza eredua iraunarazten ari dira eta ez dituzte sektorearen arazoak konpontzen; izan ere, etekinak handitzea beste helbururik ez dute, beti ere, soldata baxuak mantentzearen kontura”.

Honako hauek dira aldarrikapen nagusiak: langile gehiago kontratatzea; GUFErekin parekatzea; bajak lehen egunetik ordezkatzea; lanaldi osoko kontratuak egitea; eta lan osasunaren arloan hobekuntzak egitea.