Lanbiden lanuztea maiatzaren 10ean

2018/04/24
ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek arreta-eredu berriaren ezarpena geldiarazteko lanuztea deitu dute maiatzaren 10erako. Eusko Jaurlaritzak eredu berria abiaraziko du langile gehienen iritziaren aurka, sindikatu bakar baten sostengurik gabe, eta herritarrentzako zerbitzuaren kalitatearen kaltetan. Lanuztearen deialdia aurkeztu dute sindikatuok Bilbon.

Sindikatuen agiria:

ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuok gure desadostasuna agertzen dugu Lanbideko bulegoetan ezarri nahi den arreta-eredu berriarekiko. Zuzendaritza alde bakar batetik ematen ari da pausoak, erakunde horretako langileen oinarrizko eskubideak urratuz.

Lau sindikatuok arreta-eredu berriaren ezarpena geldiarazteko eskatu dugu, eta baita Lanbiderako beste eredu bat prestatzeko ere, bete behar diren eginkizunekin bat etorri behar duena, enpleguaren politika aktiboak alde batera utzi gabe.

Zenbait hilabetetan elkarrizketak izan arren, eredu berriaren ezarpena aurrera doa tamalez, ez baitituzte kontuan hartu gure eskariak.

Lakuan, Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordearekin eta Lanbideko zuzendariarekin izandako azken bileraren ostean, ez omen dute asmorik arreta-eredu berriaren ezarpena geldiarazteko. Eredu berria abiaraziko dute langile gehienen iritziaren aurka, sindikatu bakar baten sostengurik gabe, eta herritarrentzako zerbitzuaren kalitatearen kaltetan.

Sindikatuok joan den asteazkenean, hilak 18, hiru lurraldeetan egindako batzarretako sostengu zabalarekin, lantokietan elkarretaratzeak egitera deitu dugu, eta maiatzaren 10erako greba-deialdia erregistratu dugu.

Arreta-eredu horren Hedapen/Ezarpena bertan geldirik uzteko eskatzen dugu, eta baita benetako negoziazio-prozesu bati ekiteko ere.