LAKUAKO JANTOKIA

Langile guztiek egin dute bat ELAk deitutako lehen lanuztearekin

2025/10/13
Langile guztiek egin dute bat ELAk deitutako lehen lanuztearekin
ELAk bost lanuzte deitu ditu Lakuako jantoki zerbitzuan, bai zerbitzuak bai bertan lan egiten duten langileek pairatzen duten prekarizazioari aurre egiteko. Lanuzteak 2 ordukoak dira eta astelehenetik ostegunera egingo dira. Ostiraleko geldialdia ordu erdikoa izango da. Langileek Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote bertan behera utzi ditzala murrizketak eta bertan lan egiten dutenen lan baldintzak hobetzea, Lakuako langile guztien mesedetan.

Gaur, urriak 13, aste honetarako aurreikusitako bost lanuzte egunetako lehena izan da, eta langile guztiek, bederatzi guztira, bat egin dute. Beraz, jarraipena % 100ekoa izan da.

Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri hartu ondoren deitu dira lanuzteak; izan ere, Lakuako plantillak berak eskatzen duen zerbitzua indartu eta bultzatu beharrean, behin eta berriz prekarizatu dituzte zerbitzua eta lan baldintzak.

Lanpostuak amortizatu dituzte, errelebo hartzaileek errelebatzen diren pertsonen lanpostuekin jarraitzeko eskubidea eskuratzea eragotzi dute, bajak eta baimenak ez dira ordezkatu... Bada, orain, Eusko Jaurlaritzak lanaldi osoko bi kontratu finko aldizkako finko bihurtzea erabaki du. "Langile horien soldata nahikoa baxua da, Eusko Jaurlaritzaren mendeko langileen artean baxuena, beraz, urtean zortzi hilabetera murriztu behar dute kontratua, dagokien soldata murrizketarekin", salatu du ELAk.

Sindikatuaren ustez, "onartezina da Eusko Jaurlaritzak, ustez defendatzen dituen idealekin, horrelako neurriak hartzea bere langileentzat, are gehiago jantoki-zerbitzua bezalako sektore feminizatu batean".