Trafikoa eta SOS Deiak

Langileak falta dira oinarrizko zerbitzu hauetan

2024/04/10
ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek salatu dutenez, Trafikoa (011) eta SOS Deiak (112) enpresetako langileak muga-mugan ari dira lanean egun hauetan, EAEko larrialdiek ahalik eta ondoen funtziona dezaten.

Sindikatu hauek zalantzagarritzat jotzen dute Lanalden enpresak, SOS Deiak eta Trafikoko larrialdi zerbitzuaren esleipendunak, zerbitzua baldintza onenetan emateko gaitasuna, bai pasa den larunbateko Kopako finalean, bai ostegun honetako Gabarraren irteeran. Ez dago langile nahikorik joan-etorri handiko eta ospakizun jendetsuetako egunetarako, aparteko larrialdietan eragin ditzaketen arrisku faktore ugari daudelako.

Gabarrako itsasadarraren inguruan milioi bat pertsona espero dira bihar, eta, horretarako, Segurtasun Sailak plan berezi bat aktibatu du, segurtasun operatiboa indartuz, non plan osoaren ardatza SOS Deiak izango den. Baina paradoxikoki, zerbitzu hori ez da indartuko. Izan ere, 10 pertsona bakarrik egongo dira SOS Deiaken telefonoan, eta 6 Trafiko zerbitzuan, EAE osoan, egun arrunt baten daudenak, alegia.

Baliabide horiekin, Lanaldenek ezin du bermatu ez herritarren segurtasuna, ez lan arriskuen prebentzioa, batez ere langileen arrisku psikosozialei dagokienez. Gainera, ezin da alde batera utzi Bilbo Handiko egoerak errefortzua behar badu, EAEko gainerako lekuetan ezin izango direla larrialdiak bermatu.

Segurtasun Saila horren jakitun da. Zerbitzuaren baldintza agiriek ezartzen dute muturreko larrialdiko edo hondamendiko arrisku egoera batean gutxienez 19 pertsona egon behar direla, eta pertsona horiek premiaren arabera handitu daitezkeela. Kontuan izan behar da horiek direla ezusteko baterako ezarritako zenbakiak, baina, kasu honetan, segurtasun plana berme handiagoarekin egin behar zen.

ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek salatu dute Segurtasun Sailak horren guztiaren berri duela, baina ez duela inolako neurririk hartu, ezta enpresari zerbitzua indartzeko adierazpenik egin ere, eta Lanaldenekin batera, gauzatu daitezkeen arriskuen erantzule dela. Kostuak merketzearen eta azpikontratazioen ondorioz, zerbitzuak prekarioagoak dira plantillentzat eta herritarrentzat. Horiek jasaten dute kalitatearen galera, eta, kasu honetan, arriskuan jartzen da haien osotasun fisikoa.

Ez da onargarria hain funtsezko funtzioa duen zerbitzu bat azpikontratatuta izatea eta Call Centerretako Estatuko hitzarmena izatea, azken hori jardueraren ezaugarrietara egokitzen ez dena eta baldintza oso prekarioak ezartzen dituena. Horregatik, plantillak urteak daramatza lanean Eusko Jaurlaritzak zerbitzua publifikatzeko eta bien bitartean, enpresak baldintzak hobetu ditzan bitartekari izan dadin.

Beraz, berehalako neurriak hartzeko eta zerbitzua publiko egiteko prozesu serio bat hasteko eskatzen dute.