COLISÉE MIÑANO (GASTEIZ)
Langileek grebarekin bat egin dute enpresak urte hasieran agindutako hobekuntzak eskatzen jarraitzeko
2024/12/18

Colisée Miñano egoitzako langileek positiboki erantzun diote ELAk egindako greba deialdiari. Nahiz eta enpresak gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri dituen (%70ekoak), jarraipena zabala izan da, eta zuzeneko arretako ia langile guztiek egin dute bat grebarekin. Abenduaren 19an beste greba eta protesta egun bat dago aurreikusita.
Enpresak agindu zuen plantillaren lan baldintzak hobetuko zituela II. Esparru akordioan. Esandakoa ez betetzeaz gain, plantillaren eskubideak murrizten jarraitu du, plus batzuk kentzen, esaterako. Gogoratu behar da egoitzako kategoria batzuek oinarrizko soldata LGStik behera jasotzen jarraitzen dutela, eta ia 1800 orduz lan egiten dutela urtean. Gainera, laneko osasunarekin lotutako arazoak eta kontziliazio zailtasunak salatu dituzte.
ELAk egoitzako lehen enpresa hitzarmena eskatzen jarraituko du, estatuko hitzarmenak dakarren prekaritatearekin amaitzeko eta asistentziaren kalitatea bermatzeko.