IMPLIKA

Langileek kontzentrazioa egin dute Bilbon, grebaren ehungarren egunean

2023/06/23
Ekainaren 23an Implika enpresako grebak 100 egun bete ditu. Langileek protesta ekintza egin dute Bilbon, formazioaren sektoreko enpresa honek kaleratutako 87 langileen egoera salatzeko.

Martxoaren 1ean jakinarazi zuen Implikak 185 pertsona baino gehiago kaleratzeko enplegu erregulazio espedientea hasi zuela Estatuan. Orduan langileek erabaki zuten martxoaren 16an greba mugagabea hastea Bilboko zentroan, kontsultaldia hastearekin batera. Geroztik mobilizatzen ari dira. Gaur Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egin dute kontzentrazioa, eta euren egoeraren berri eman diete herritarrei.

Gogoratu dezagun Bilboko formazioko sektoreko zentro honetako langileen %60 kaleratu dituela Implikak, eta 87 lanpostu suntsitu; gehienak emakumeak dira. ELAk kaleratze kolektiboaren aurka egin du, eta demanda aurkeztua du Implikak aurkeztutako Enplegu Erregulazioko Espedientearen aurka, espedientea iruzurrezkoa dela argudiatuta. Gainera, greba eskubidea ere urratu zaie grebalariei, eta hori ere salatu du ELAk. Kaleratze kolektiboaren epaiketa uztailaren 4an izango da, Auzitegi Nazionalean.

ELAk borroka sindikal eta judizialean jarraituko du lanpostu guztiei eutsiko zaiela bermatzeko, kaleratze kolektibo erabat bidegabe eta justifikaziorik gabeko baten aurrean gaudelako.