Tolosako Etxez Etxeko Zerbitzua
Langileek Ordizia eta Beasaingo lankideek baino %25 gutxiago kobratzen dute, eta mobilizazioei ekin diete

Tolosako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek (Matia Goxara enpresari azpikontratatutako zerbitzu publikoa) mobilizazioei ekin diete, lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena lortzeko. Izan ere, %25 gutxiago kobratzen dute Ordizia eta Beasaingo Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko lankideekin alderatuta, nahiz eta enpresa bera izan kudeatzailea, alegia, Matia Goxara. Gainera, beste herrietako langileek badute enpresa hitzarmena, eta hainbat hobekuntza dituzte lan bera egiteagatik. Horregatik, langileek bi udalerri horietako hitzarmena hartzen dute erreferentziatzat, eta enpresari zein udalari eskatu diete, titular eta arduradun zuzena den aldetik, Tolosan ere hitzarmen bat negoziatu eta adostu ahal izateko bitartekoak jartzeko. Oraingoz ez da erraza. Izan ere, hainbat bilera izan dituzte enpresa esleipendunarekin eta Udalarekin, baina oraingoz egoera berean jarraitzen dute, hau da, hitzarmenik gabe.
53 langilek osatzen dute taldea, eta gogorarazi dute sektore feminizatua dela, eta, azpimarratu dutenez, horrek eragin zuzena du haien lan-baldintzetan. Langileek egiten dituzten orduen arabera kobratzen dute. Ordu horiek oso aldakorrak dira hilabetetik hilabetera, eta, beraz, ezegonkortasun horrek eragin negatiboa du haien lan baldintzetan eta erabiltzaileei ematen dieten zerbitzuan.