GIZARTE EKIMENEKO IKASTETXEAK
Langileen %70k babestu du lehen greba eguna

Zortzi jardunaldietako lehenak jarraipen zabala izan du; apirilaren 25eko grebak izandakoa gaindituta. Lan zuzendaritzak gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri dituen arren, sindikatuek emandako datuen arabera plantillaren %70k egin du bat grebarekin. Bilboko manifestazioan 5.000 langile batu dira, egindako aldarrikapenekiko langileriaren atxekipena erakusten du. Baita beraien kezka eta arazoak errealak direla ere.
2021ako abendutik iraungita dagoen hitzarmena lehenbailehen berritzea da grebaren helburua. Ikasturtearen hasierarekin batera, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziaketa eskaera helarazi diete; eta Eusko Jaurlaritzari ere bilera eskaera bat luzatu, negoziaketaren blokeo egoeraren berri emateko. Ez dute ez bata ez bestearen erantzunik jaso gaur gaurkoz, eta dagoeneko zortzi hilabete igaro dira azken negoziazio mahaia egin zenetik.
Sindikatuek gogorarazi dute abian jarri duten mobilizazio dinamikaren barruan beste zazpi greba egun deituak dituztela, zehazki bihar eta etzirako eta abenduaren 11 eta 15 bitarterako. Hitzarmen berria sinatzea ahalbideratuko duten edukiak izan ezean, greba hauekin jarraitu beste biderik ez dutela izango jakinarazi diete patronalei.
Aldarrikapen nagusiak dira lan zamak arintzeko neurriak hartzea, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzak egotea, KPIa bermatuko duten soldata igoerak izatea, lanpostuak mantentzeko neurriak aplikatzea eta Lanbide Heziketako edukiak egotea. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak dira beste aldarrikapenetako batzuk.