GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK

Langileen erdiak borondatezkoak ez diren lan kontratu partzialak dituzte

2025/09/16
Sektoreak beste hiru greba egun deitu ditu irailaren 24, 25 eta 26an. Lan jardun osoko kontratuak eskatuko dituzte langileek, besteak beste, azken lau urteotan gero eta lan kontratu murritzagoak eskaitzen baitira. ELAk Eider Mendoza aldun nagusiari eskatu dio erresidentzietako prekaritatearekin eta soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak eta baliabideak eztabaida daitezela aurrekontuetan.

Borondatezkoak ez diren lan kontratu partzialak nagusitzen dira Gipuzkoako erresidentzietan eta eguneko zentroetan. Hala salatu dute Gipuzkoako sektore horretako ELAko langileek gaur egindako prentsaurrekoan. Izan ere, ohartarazi dute lan kontratu horiek izugarri ugaritu direla azken urteotan; hala erakusten dute ELAk aztertutako datuek. Hainbeste, egun sektore horretako kontratu berrien artean salbuespena dela %100eko lan jarduna duten kontratuak egitea, lan karga berdina izanagatik ere.

Azpikontratatutako langileen kasuan, kontratu partzialak %45 dira. ELAk salatu du kontratu horiek diru publikoarekin mozkinak biderkatzeko eta soldatak ez aplikatzeko mekanismoa dela; baita langileak menpeko eta prekario bihurtzeko ere. Izan ere, lanaldi osora gerturatu ahal izateko, enpresek erabateko disponibilitatea eskatzen diete ordu osagarrien bidez. Egutegien malgutasun horrek kontziliaketa eta bizitza duin bat izatea oztopatzen du.

Bestetik, datua are okerragoa da Foru aldundiarenak diren egoitzetako datuei erreparatuta. Gipuzkoan Foru aldundiak 65 bat egoitza ditu itunduta, 5.000 bat langilek dihardute lanean, gehien-gehienak emakumeak. 65 egoitza horietatik 17 bereak ditu (Eibarko Egogain eta Kabia Foru organismoko beste 16 zentro, lehen udal egoitzak zirenak); hau da, egoitza publikoak dira, nahiz eta langile gehienak azpikontratatuak dauden. Bada, zerbitzu horiek lizitatzeko atera dituen azken 9 pleguetako informazio publikoa aztertu du sindiaktuak, eta ondorioztatu du langileen %55ak kontratu partziala duela.

Horrek erakusten du Aldundiak bat egiten duela sektoreko patronal eta enpresa nagusiek aurrera eramaten duten kontratazio politikarekin. Adibideak jartzearren, Gipuzkoako patronal handiena den Matiak 1.300 langile ditu eta %50k kontratu partziala du. Matiak azken urteetan kontratatutako erizain laguntzaileei eskaintzen dien lan kontratu estandarra honakoa da: %70eko jardunaldia, horietatik %40 egutegi batekin eta beste %30 enpresak nahi duenean.

Beste adibide bat: Biharko Gipuzkoa enpresak 900 langile inguru ditu eta %60k kontratu partziala du. Orokorrean, langileek kontratuan duten lanaldia baino ordu gehiago egiten dute lan hilabetean, ordu osagarrien bidez. Bada, zazpi urteetako borroka sindikal eta juridikoa behar izan du ELAk enpresak hilabetean lan egindako lan ordu guztiak hilabete horretan bertan ordaindu ahal izateko langileei.

Grebak eta aurrekontua

Argazkia hori izanik, langileek grebara joko dute berriro kontratu duinak eskatzeko eta arrakalarekin amaitzeko. Zehazki, irailaren 24, 25 eta 26an egingo dute greba Gipuzkoako adinekoen egoitza eta eguneko zentroko langileek, %100eko lan kontratuak eskatzeko eta soldata arrakalarekin amaitzeko. Jada sei greba egun egin dituzte hitzarmenaren borrokan.

Horrela, Eider Mendoza aldun nagusiari eskatu diote datozen aurrekontuetako eztabaidan gaia erdigunean jar dezala. Izan ere, ELAk uste du Foru aldundiak lidergotza hartu behar duela egoera horrekin amaitzeko. Uda aurretik gaia batzar nagusietan aztertu zuen sindikatuak, baita Maite Peña diputatuarekin ere. Enplegu duina eta soldata arrakalarekin amaitzeko baliabideak bideratu behar dira, eta ELAk borrokan jarraituko du hori lortzeko.