LANBIDE

Langileen kontzentrazioa Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Kongresuan

2023/11/09
Lanbideko langileek elkarretaratzea egin dute Bilboko Euskalduna Jauregiaren aurrean, Eusko Jaurlaritzaren Politika Publikoen Enpleguari buruzko VI. Kongresua dela eta. ELAk eta LABek deituta, langileek salatu dute Lakuako Gobernuak Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publikoa bihurtu nahi duela.

Lege proiektua Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu da, eta zuzenketen zain, bozketa azaroaren 23an egingo da. Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtuta, funtzio publikoaren kontrol berme ia guztiak galduko lituzke, bai langileen kontratazioan, bai haren lanaren edukian. Gardentasun eta kontrol faltak enplegu eta prestakuntza programen azpikontratazioari eragingo dio, eta pribatizaziorako atea are gehiago irekiko du.

Gobernuak erabateko iluntasunez kudeatu du lege proiektua, bere interesei erantzuten dielako eta langileei zein herritarrei emango dien zerbitzuari kalte egiten dielako. Kalitatezko enplegua sortzeak lehentasuna izan behar du Eusko Jaurlaritzarentzat, herritarrei eskaintzen dien zerbitzuan. Administrazioak, enplegatzaile gisa, bere plantilla eta lan baldintzak babesten dituela zaindu beharko luke.

Lege proiektu honen aurrean, Lanbideko plantillak honako hauek eskatzen ditu:

  • Enpleguari buruzko Legearen VI. titulua kentzea.
  • Lanbideren izaera juridikoa ez aldatzea.
  • Lanbideko langileen lan-baldintzak mantentzea, erakunde autonomo gisa, Administrazio Autonomoko Mahai Sektorialean.
  • Pribatizazioari ateak ez irekitzea. Dagoeneko pribatizatuta dauden zerbitzuak lehengoratzea.
  • Egungo plantillaren enplegua sendotzea eta programa kontratuen politikarekin amaitzea.
  • Lanpostuak eta zereginak ondo definitzea, lan kargak orekatuz eta langileen ongizate fisikoa eta emozionala bermatuz.

Egoera hori salatzeko, Euskalduna Jauregian egin duten bezala, azaroaren 10ean zentro guztietako langileek elkarretaratzeak egingo dituzte 11: 00etan euren lantokietan.