Justizia Administrazioa

Langileen kontzentrazioa Lakuaren aurrean homologazioa eskatzeko

2023/05/10
EAEko Justizia Administrazioko langileek beste greba egun bat egin dute, aste honetako bigarrena, ELAk eta LABek deituta, jarraipen zabalarekin. Langileek elkarretaratzea egin dute Lakuaren aurrean.

Hauek dira langileen aldarrikapen nagusiak:

  • Eusko Jaurlaritzak 2012tik sistematikoki urratzen duen IV. Akordio Arautzailea betetzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileen soldata baldintzekin parekatzea baitakar.
  • Erretiro baldintzetan parekatzea eta Genero Indarkeriaren Epaitegietako langileentzat plusa.
  • Lanpostuak baloratzea, haien jarduera zuzentzen duten legeek (Botere Judizialaren Lege Organikoa eta Administrazio Eraginkortasunaren Legea) bete beharreko eginkizunak kontuan hartuta.

Mobilizazioei esker, Berdintasun eta Justizia Sailak Greba Batzordea deitu du maiatzaren 16rako, Lakuan. Bada garaia Eusko Jaurlaritzak bere erantzukizunak bere gain har ditzan eta Justizia Ministerioaren aitzakipean aritzeari utz diezaion, 2012tik zor zaion parekatzea aitortuz langileei.

Maiatzak 11 greba egun berria izango da, eta 11:30tan bilkura egongo da Eusko Jaurlaritzaren Bilboko Ordezkaritzaren aurrean.