Gipuzkoako Foru Aldundiak azpikontratatutako garbitzaileek mobilizazio berriei ekin diete

2022/03/30
Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinak garbitzeaz arduratzen diren langileek -EULEN enpresari azpikontratatutako zerbitzua, %90 emakumeak dira- mobilizazio gehiago iragarri dituzte, KPIari lotutako soldata igoera eskatzeko. Orain arte, langileek lau greba egun egin dituzte, otsailaren 22tik 25era. Hala ere, EULEN enpresak dio ez duela KPIari lotutako planteamendu ekonomikorik egingo, eta, beraz, ELAk, LABek eta ESK-k mobilizazio gehiago deitu dituzte; lehenengoa gaur izan da, martxoak 30, 10:00etan, Gipuzkoa Plazan (Donostia). EULENi erantzukizunak eskatzeaz gain, sindikatuek Aldundiari dei egiten diote zuzenean, zerbitzuaren azken erantzulea baita. Azpimarratu dute administrazio publikoaren esku dagoela diru publikoa enpresa pribatuen edo garbiketako langileen mesedetan erabiltzea.

Emakumezko langileak 2021eko maiatzetik ari dira hitzarmena negoziatzen, eta enpresak ez du inolako aurrerapenik eskaintzen arlo ekonomikoan. ELAk, LABek eta ESK-k erantzukizunak eskatu dizkiote EULENi; izan ere, urtean milioi askoko irabaziak izan arren, ez die langileei KPIa bermatu nahi. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiari inplikazioa eskatu diote. “Administrazioaren erabaki politiko eta ekonomiko baten ondorioz azpikontratatutako langileak gara, eta, beraz, gure zerbitzuaren azken arduraduna da. Greba garaian gutxieneko zerbitzuak eskatzeko funtsezkoak bagara, lan eta bizi baldintza duinak izateko ere bai, azpimarratzen dute”, aldarrikatu dute.