Lau eguneko greba Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

2018/11/22
ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT-k 4 greba egun deitu dituzte, azaroaren 27tik 30era, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan. Sektoreko langileek ia hamar urte daramatzate hitzarmena berritu gabe; eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira; pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileen kontura joan da; eta lan-kargak handitu dira jasanezinak izateraino.

Sindikatuen agiria:

Pasa den ikasturtean gauzatutako 3 greba egunei (martxoak 20 eta maiatzak 15-16), ikasturte honetan urriaren 9 eta 10ean gauzatutako beste 2 greba egun gehitu behar zaizkio. Bost greba egunek erantzun masiboa jaso dute sektoreko langileen aldetik, jarraipen-maila %65 eta %70 bitartekoa izanik. Era berean, mobilizazio eta manifestazioetara oldean doaz langileak; horrela, ikastetxe batzuetako zuzendaritzek, grebalarien legez kanpoko ordezkatze bidez greba indargabetzeko saiakerak gauzatu dituzten arren, ez dute lortu, kidegoa guztira 9.000 langile ingurukoa bada, 5.000 langiletik gora bildu baitira behin eta berriro greba egun hauetan antolatutako agerraldi eta manifestazioetan.

Urriak 9 eta 10eko greba egunek langileen aldetik izandako jarraipen zabalaren ondorioz, sektoreko patronal nagusiaren zuzendari orokorrak (Kristau Eskola) bere burua behartua ikusi zuen sindikatuoi negoziazio mahairako deia luzatuko zigula esatera publikoki. 

Patronalak mugiarazi ditugu, eta mahaia deitu beharrean ikusi dute euren burua. Halere, azken egunotan mahai gainean jarritako azken proposamena grebetara eraman gaituzten aldarrikapenetatik urrun dago oraindik, eta 2017ko azaroan aurkeztutako proposamenarekiko ez dute aurrerapauso nabarmenik suposatzen (sindikatuok mahaitik altxatu ginen). Agerikoa da beraz, patronalen negoziaketarako aldarterik eza.

Egoera honen aurrean, publiko egindako mobilizazio eta grebekin jarraitu beste biderik ez digute uzten. Beraz, ikastetxeetako langile guztiak animatu nahi ditugu datozen azaroak 27 eta 30 bitarteko 4 greba egunak babestu eta antolatuko diren ekintzetan parte hartzera; baita ikastetxeetan bultzatzen ari garen batzar eta elkarretaratzeetan zein borondatezkoak ez diren zereginetan planto egiteko kanpainan parte hartzera ere benetako negoziazioari ekiten ez dioten bitartean.

Sektoreko langileok ia hamar urte daramatzagu hitzarmena berritu gabe, eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira, pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxeetan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.