GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIA ETA EGUNEKO ZENTROAK
Laugarren greba eguna prekaritatearekin amaitu dadila aldarrikatzeko

Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentruetako 5000 langileek ekainean egindako 3 greba egunei jarraipena emango diete uztailak 9, 10 eta 11n egingo dituzten beste 3 greba egunekin. Gaurko greba egunak jarraipen zabala izan du lan zentruetan eta langileek Gipuzkoako Plazatik hasi eta bertan bukatu den manifestazio jendetsua burutu dute.
ELAk mahai negoziatzailean %60ko ordezkaritza du eta urtarrilean hasita burutu diren negoziazio bileretan patronalek ez dute sektorean dagoen prekaritatearekin amaituko duen inongo edukirik jarri mahai gainean.
Izan ere, azken urteetan kontratuen partzialtasuna izugarri hazi da eta langileen %40ak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak ditu. Egoera honek, langileen lan eta bizi baldintzak izugarri okertzeaz gain, egoiliarrei eskeintzen zaien arretaren kalitatea ere nabarmen okertu du. Enpresa pribatu eta irabazi asmorik gabe deklaratzen diren gehienek mozkinak lortu eta negozio logika batean oinarritzen den zaintza sistema eusteko bakarrik esplikatzen da egoera hau.
Hau horrela, ekainaren 20an ELAk bai Aldundiarekin egindako bileran, baita ere Gipuzkoako batzar nagusietako Gizarte politiketako batzordean egindako agerraldian, sektorearen egoera azaldu eta foru aldundiari ardura politikoa hartu eta prekaritate honekin amaituko duen hitzarmen bat ahalbideratzeko lidergotza eta bitarteko guztiak jar ditzatela eskatu zuen.
Hitzarmen horretarako, ELAk %100eko lan jardunaldia duten kontratuak eskatzen ditu langile guztientzat, soldata arrakalarekin amaitzea eta asteko 32 lanordu ezartzea ere bai, besteak beste.
Langile guztiak bihar eta etziko greba egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu, baita ere zaintza publikoa, unibertsala, doakoa eta kalitatezko bat aldarrikatzen duten eragile sozial zein herritar guztiak.