ETXEZ ETXEKO ZERBITZUA

Lehen hitzarmen propioa lortu dute %30eko soldata igoerekin

2023/10/02
Akordioa lortuta, aste honetarako iragarritako greba deialdia bertan behera gelditu da,

Lehen aldiz, Eskoriatzako Etxez Etxeko Zerbitzua eskaintzen duten langileek hitzarmen propioa izango dute. Hobekuntza handiak lortu dituzte horrela, bizi zuten prekarietateari aurre egingo diote. Besteak beste, %30ko soldata igoera izango dute bi urtetan. Lanaldi murrizketa ere izango dute; 1.592 orduko urteko lanaldiarekin, kontratazioak arautzeko neurriak lortu dira eta lizentzia eta baimenak hobetu dira.

Eskoriatzako Udalak azpikontratatutako zerbitzua da eta zerbitzuaren lizitazioa hilabete hauetan jarri nahi du martxan Udalak. Horregatik, garrantzitsua da langileek akordioa lortu izana zerbitzua lizitatu aurretik. Zerbitzua beste enpresa baten esku geldituko balitz, lan baldintzak aplikatu beharko lituzke. 

ELAk greba deituta zuen aste honetan lan baldintza duinak eskatzeko, eta presio horri esker eseri dira mahaian hiru aldeak. Ezinbestekoa izan da greba deialdia akordioa lortzeko. ELAk argi du mobilizazioei eta borrokari esker lortu dela akordioa.