GREBA EAEKO ZERBITZU PUBLIKOETAN

Lehen orduko datuen arabera, erantzuna oso zabala izaten ari da

2023/10/25
ELA, LAB, CCOO, SATSE, ESK eta STEILAS sindikatuek deitu dute greba EAEko zerbitzu publiko osoan, “zerbitzu publikoan alde, soldatak eta enplegua hemen adostu”.

Lehen orduko datuak aztertuta, EAEko sektore publikorako deitutako grebaren jarraipena oso zabala izaten ari da.

Komunikabide eta garraio publikoei dagokionez, greba ia erabatekoa izaten ari da lehen ordu hauetan. Horren adibide da irrati eta telebista publikoan gutxienezko zerbitzuak ezarritakoa, informatiboak, bakarrik emititzen ari direla. Garraio publiko ez pribatizatuan ere, Eusko Tren eta Metron grebaren jarraipena oso zabala izaten ari da.

Lehen orduko datuak kontuan hartzen baditugu, hezkuntza publikoan ez unibertsitarioan eta unibertsitarioan, greba egiteko eskubidea dutenen artean grebak jarraipen oso zabala izango duela dirudi.

Udal/ foru esparruan ere,aurretik genituen datuak berresten dira, eta greba eskubidea dutenen artean grebaren jarraipena oso zabala izango dela dirudi.

Osakidetzan, ezarritako zerbitzu minimoak guztiz baldintzatuko dute grebaren jarraipena. Milaka langileri greba eskubidea ukatu egin zaie, zerbitzu askotan, zerbitzu minimoak %100ekoak direlarik. Adibidez, gaueko txandan, ia langile batek ere ez du grebarekin bat egiteko aukerarik izan.

Administrazio Orokorrean eta Justizia administrazioan jarraipena zabala ere izango da baina herrialdeka eta esparruka aldakorra.Estatuko administrazio esparruan jarraipena apalagoa izango dela dirudi.

Grebarekin jarraituz, hurrengo hitzordua, hiru hiriburutako manifestazioak izango dira.

Manifestazioak goizeko 11.30ean hasiko dira. Bilbon, Eusko Jaurlaritzatik (Gran Via 85); Donostian, Bulebard-etik eta Gasteizen Eusko Legebiltzarretik.