OSAKIDETZA GARBIKUNTZA
Manifestazioa egin dute Donostian, 114. greba egunean

Osakidetzako garbitzaileak manifestazioa egin dute Donostian garapen profesionalaren ordainketa eskatzeko,114.greba egunean. Grosen atera eta Eusko Jaurlaritzan amaitu dute, argi uzteko Eusko Jaurlaritza dela egoera honen azken erantzulea.
Otsailaren 27an hasi zen Osakidetzako garbitzaileen greba EAEn. Gaur gaurkoz, ez dago negoziaketa mahairik eta konponbidea urrun dago. Lan Sailarekin bi bilera egin genituen arren, ez dute ezer egin konponbidea bilatzeko. Are gehiago, greba eskubidearen aurka egiten jarraitzen dute, 8 ez-ohiko garbiketa agindu baitituzte.
Osakidetzak erakutsi du bere zuzeneko langileei 2022ko garapen profesionala ordaintzeko borondatea. Horrela, argi geratu da ez dela diru kontua, baizik eta borondate politiko kontua dela. Azpikontratatutako garbitzaileak, beste behin ere, bigarren mailako langiletzat hartuta, Osakidetzak zor dituen diru kantitateak ez ordaintzeko hautu politikoa egin du.
ELAk argi dauka gatazka honen konponbide bakarra garapen profesionalaren ordainketa dela, eta, diru kantitate hori ordaintzearekin soilik amaituko dela gatazka. Gaur, kaleetan ozen esan duten bezala, borrokan jarraituko dute hori lortu arte.