Martxoak 4, greba berria Hego Euskal Herrian zainketen sektorean

2021/02/26
ELAk beste greba bat deitu du zainketen sektorean datorren martxoaren 4rako, Hego Euskal Herrian. Azaroaren 17an eta urtarrilaren 26an egindako mobilizazioen ostean, hirugarren eguna izango da zaintza-sektore publiko baten aldeko borrokan. Mobilizazio horiek senideen elkarte hauek babesten dituzte: babestu Bizkaia, Babestu Araba, Gipuzkoako Senideak, pentsiodunen plataformak, kolektibo feministak, Itaia, Irauli Zaintza, Malen etxea, etab. Gizarteak zaintza-sektorearen publikotasuna aldarrikatzen badu ere, eta horrekin batera langileen lan-baldintzak duindu eta ematen den asistentzia-kalitatea hobetu, erakundeak ez dira hitz politetatik ekintzetara pasatzen. Horregatik, ELAk propaganda gutxiago eta irtenbide gehiago eskatzen ditu.: zaintza-sistema publiko blindatua, interes kapitalisten edo alderdikoien aurrean.

Aste honetan bertan publikoa egin da Eusko Jaurlaritzaren kanpaina Emakunderen bitartez egindakoa Martxoaren 8rako: “Nork zaintzen du?” Arazo honi irtenbidea emateko gizartearen eta erakundeen inplikazioa eskatuz.

ELAk urteak darama arazo hau mahai gainean jartzen, eta Eusko Jaurlaritza bezelako erakundeak urteak daramate beste alde batera begira. Martxoaren 8an ahoa betetzen zaie hitz politez baina egunerokotasunean eta COVID pandemiaren aurrean langileak bakarrik uzten dituzte. Daukaten interes bakarra enpresei dirua bideratzea da.

Horregatik, zaintza-eredu hori aldatzeko interpelatzen jarraituko du sindikatuak. Izan ere, bai baitakite kosta ahala kosta defenditzen duten ereduak ez diela bermatzen bizi baldintza duinik, ez langileei, ez eta erabiltzaileei ere (ehunka hildako eta milaka langile kutsatuta). Lankidetza publiko-pribatuaren gezur handi horren atzean hau dago:

  • Plantilla guztiz eskasak eta ratio gizagabeak, izugarrizko lan-kargak dakartzatenak eta behar besteko arreta bermatzen ez dutenak, eta, era berean, pertsonek zainduak izateko duten eskubidea urratzen dutenak.
  • Egutegi gizagabeak, agendak leporaino, eta 365 egun eta 24 orduko prestasun osoa.
  • Hilabete bukaerara iristea bermatzen ez duten soldatak; errealitate horrek iraunarazten du soldata-arrakala.
  • Baliabide materialetan eta babes-neurrietan ez inbertitzeak arrisku larrian jartzen du bai gure osasuna, bai zaintzen ditugun pertsonena.
  • Arreta eskasa, gizatasunik gabea, soilik oinarritzen dena emakume langileen berebiziko ahaleginean.
  • Pribatizazio gogorra eta guztiaren gainetik, enpresen irabaziak bermatu nahia. Irabaziok gero eta handiagoak dira, plantillak murriztu, lan baldintzak okertu eta arreta denbora murriztu ahala.

Horregatik, propaganda gutxiago eta irtenbide gehiago eskatzen du sindikatuak. ELAk aldarrikatzen jarraituko du ezinbestekoa dela sistema aldaketa bat, zaintza publikoa izan behar dela: lanera beldurrik gabe joatea bermatzen duen sistema, interes kapitalista eta alderdikoien aurrean blindatuta egongo dena, eta honako ezaugarriak izango dituena:

 

  • Langile guztiak publikoak izango den sistema, zeinak azpikontratazioaren eta behin-behinekotasunaren gaitza bizi izan duten langile guztion subrogazioa eta finkotasuna bermatuko duen.
  • Plantilla eta ratio nahikoak izanik, zaintza hurbileko eta goxoa bermatuko duen sistema. Zaintza behar duten pertsonak modu duin eta integralean artatuak izan daitezen bizitzako ziklo guztietan, jaiotzen garenetik hiltzen garen arte. Hurbiltasunean, kalitatezko tratuan eta pertsonen autonomiarekiko errespetuan oinarritutako zaintza-eredua
  • Lan-baldintza duinekiko sistema, hilabete amaierara iristea ahalbidetuko duena eta zainketen balio soziala eta produktiboa aitortuko duena
  • Genero-arrakala ezabatzeko benetako neurriak dituen sistema.
  • Laneko osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak dituen sistema behar dugu, bereziki arrisku psikosozialen prebentzioa bermatuko duena.
  • Langileentzako erreparazio emozionalerako plan bat duen sistema, pandemiak uzten dizkigun ondorio larriak, neurri batean behintzat, arinduko dituena.