ZERBITZU PUBLIKOAK (EAE)

Martxoaren 12an greba lan baldintzak hemen negoziatzeko borondate politikorik ez dagoela salatzeko

2024/02/13
ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek mobilizazioekin jarraitzea beste aukerarik ez dute sektore publikoko lan baldintzak eta zerbitzua benetan hobetzeko. Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak diru bilketetan errekorra eta aurrekontuetan superabita dutenean, langileen behin-behinekotasunak muga historikoa gainditu du ( %44) eta erosahalmenaren galera % 8tik gorakoa izan da azken bi urteotan. Hau guztiagatik, sindikatu hauek greba deitu dute martxoaren 12rako EAEko zerbitzu publikoetan.

EAEko sektore publikoko bigarren greba egunetik bi hilabete igaro dira. Eta erakundeek eta ordezkari politikoek elkarrizketarako eta akordiorako borondatea adierazi duten arren, sektore publikoko egoera ez da hobetu, kontrakoa baizik: langile publikoen lan baldintzek okerrera egiten jarraitzen dute. Sektore pribatuan, mobilizazioari esker, sektoreko hitzarmen batzuetan KPItik gorako soldata igoerak lortzen ari dira. Sektore publikoan, berriz, Madrilen menpe segitzen du, euskal erakunde eta alderdi politikoen adostasunarekin, eta bi urteotan langileen erosahalmenak %8ko galera izateaz gain, behin-behinekotasun orokorrak ere goia jo du: %44tik gorakoa da, historiako handiena, 65.000 langiletik gora (Osakidetzan esaterako, % 50etik gorakoa da).

EAJren eta PSOEren arteko inbestidura akordioak, soldatak eta enplegua hemen erabakitzeko ate bat ireki zezakeen arren -argi utzi zuen horrek sindikatuen eskaerak borondate politikoari lotutako auziak zirela, ez lortu ezinezkoak-, ez da benetako pausorik eman helburu hori lortzeko. Horren adibide argia da honako hau: Eusko Legebiltzarrak 2024rako onartutako aurrekontuetan, 19. artikuluak jasotzen du Madrilek soldaten eta enpleguaren arloan hartzen dituen erabakiak bete behar direla.

Bestalde, sindikatuek eskatu diete euskal alderdi politikoei botoak baliatzea Madrilek ezarritako betoak galarazteko. Egun, ordea, beto horiek mantentzen dira. Aste gutxi barru landuko den Estatuko Aurrekontuen Legean beto horiek kentzearen alde egitea eskatzen diete.

Zerbitzu publikoetan egoera hau ematen da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek inoizko diru bilketa handiena egiten ari direnean. Eusko Jaurlaritzak ere superabita du aurrekontuetan, eta EAEko erakundeek bankuetan ia 10.000 milioi atxikita dituzte.

Horregatik, sektore publikoan %80tik gorako ordezkaritza duten ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek dei egiten diete langile publikoei grebarekin eta mobilizazioekin masiboki bat egin dezaten, erakundeek eta alderdi politikoek Madrilgo betoak baliogabetzea lortzeko, zerbitzu publikoetan soldatak eta enplegua hemen negoziatu eta adostu ahal izateko.

Era berean, zerbitzu publikoen eta horiek ahalbideratzen dituzten pertsonen alde egiteko, sindikatuek erakundeei eskatzen diete lan baldintzak hobetu ditzatela.

Zehazki, hauek dira eskatzen diren hobekuntzak:

  • % 10eko soldata igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa.
  • Pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea.
  • Enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, behin-behinekotasuna %8n kokatuz.
  • Lan kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuz.
  • Politika feministak, berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea.
  • Administrazioak eta langileak euskaldundu.
  • Jardunaldiaren murrizketa 32 orduko lan astearen norabidean ipintzea.