Martxoaren 14 eta 15ean grebak Hezkuntza publikoko sektore guztietan

2018/03/12
Haurreskoletan zein Sukalde eta Garbiketan dagoeneko sinatutako akordioek, ez diote sektore hauetako egoera larrienei erantzuten; abenduko proposamenekiko aurrerapausurik ez dakarte eta azken urteetan aplikatutako murrizketak mantentzen dituzte. Irakasleetan, berriz, Hezkuntza sailak negoziazio-mahairik ez du deitu ere egin.

Martxoaren lehen astean, LAB, CCOO eta UGTk Sukalde eta Garbiketan, eta LABek Haurreskoletan akordioak sinatu zituzten Jaurlaritza eta Partzuergoko zuzendaritzarekin. Aldi berean, Heziketa Bereziko bileran Jaurlaritzak mahai gainean jarritako proposamenari beren adostasuna eman zioten LABek eta CCOOek.  Gaurko negoziazio mahian, berriz, LABek atzera egin du eta ez du sinatu.

Irakasleei dagokienez, urtarrilaren 26an izan genuen azken negoziazio-mahaia abenduko proposamena baloratzeko. Proposamen hura erabat eskas bezala baloratu genuen sindikatuok, eta Hezkuntza sailak otsailak 14rako mahai berri bat deitzeko konpromisoa hartu zuen arren, gaur egun mahai deialdirik gabe eta inolako proposamen gehigarririk gabe jarraitzen dugu.

Bost greba egun eta mobilizazio ugariren ondoren, hezkuntza publikoko sektore bakoitzak pairatzen dituen murrizketak eta gure aldarrikapenak lehenengo mailan jartzeko gai izan gara. Halere, irakasleetan mahairik ere ez du deitu Jaurlaritzak urtarriletik, eta kasuan kasu, LAB, CCOO eta UGTk sinatutako akordioek ez dute abenduko proposamenekiko aurrerapausurik suposatzen; ez diete sektore hauetako egoera larrienei erantzuten eta azken urteetan aplikatutako murrizketak mantentzen dituzte.

ELAk balio handia ematen dio langileek orain arte eginiko borrokari. Borroka horren ondorio izan da mahaiak desblokeatu izana eta Eusko Jaurlaritza mugitzen hastera behartzea. ELAren ustez, orain inoiz baino garrantzitsuagoa da greba eta mobilizazioei jarraipena ematea, mobilizazioei eusteko gai bagara, gobernua proposamen berri eta hobeak mahai gainean jartzera behartuko baitugu. Honegatik guztiagatik, ELArentzat garrantzia berezia hartzen dute martxoaren 14 eta 15 greba egunek. Eta hezkuntzako sektore denetako langileei dei egiten die grebetan eta antolatuko ditugun mobilizazioetan parte hartzera.