Metro Bilbaoko enpresa-batzordeak neurriak eskatu ditu langileek jasaten dituzten etengabeko erasoei aurre egiteko

2021/10/19
Santutxun (Bilbo), Zabalbideko metroaren parean egindako elkarretaratzean, Metro Bilbaoko enpresa-batzordeak lankide baten aurkako erasoa salatu du. Urriaren 10ean gertatu zen erasoa geltoki horretan bertan.

Langileek gertatutakoa gaitzetsi dute, eta eraso fisikoak eta hitzezkoak etengabe gertatzen direla eta areagotzen ari direla azpimarratu dute. Gauzak horrela, langileen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak hartzeko eskatu dio ELAk Metro Bilbaori.

Sindikatuak iragarri du erasoek jarraitzen badute mobilizazioa aktibatu beharko dela, Metro Bilbaoko langileen lana balioesteko.