BIZKAIKO ERRESIDENTZIAK

Mitxel Lakuntza: “Emakumeak prekarizatu eta esplotatzen dituen negozio bat izateari utzi behar dio zaintzak”

2023/05/15
Bizkaiko egoitzen %80 baino gehiago azpikontratatutakoak dira. 156tik 12 bakarrik dira publikoak

Bizkaiko zahar etxeetako 59. greba jardunaldian, langileek euren aldarrikapenak Bilboko kaleetara eraman dituzte berriro, oraingoan Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia lagun. Aldundiaren aurrean abiatu da manifestazioa eta Ugaskon amaitu, Gizarte Ongizateko egoitzaren aurrean. Bertan, grebalariek itxialdia egin dute aldarrikapenak Aldundiari bertatik bertara helarazi ahal izateko.

Protesta egin aurretik, Mitxel Lakuntzak gogorarazi du Bizkaiko zahar etxeetako grebak egoitzen eredua eta zaintza aldatzea aldarrikatzen duela. Bizkaiko adinekoen egoitzen %80 baino gehiago azpikontratatu egiten dira. 156tik 12 bakarrik dira publikoak. Horrek esan nahi du egoitzen % 81 irabaziak dituztela jomugan, zerbitzu publikoa eman beharrean. Gainera, egoitza publikoen eta pribatuen arteko soldata arrakala % 40koa da, Lakuntzak ziurtatu duenez.

Horregatik guztiagatik, idazkari nagusiak adierazi du zaintzak negozio izateati utzi behar diola lehenbailehen, “egungo ereduak emakumeak prekarizatu eta esplotatzen dituelako”. Helburu horrekin, Lakuntzak eta langileek berriro jarri dute mahai gainean kontratuen behin-behinekotasunarekin eta partzialtasunarekin amaitzeko beharra. “ELAk jardunaldi osoak aldarrikatzen ditu erabiltzaile bakoitzari gutxienez 2 orduz arreta eskaintzeko”, Lakuntzak gogorarazi duenez. “Gaur egun, batez beste, ez da ordu batera iristen; izan ere, langileen % 40k kontratu partzialak ditu oso eskasa den ratioa betetzeko”. Era berean, soldata igoerak eta lehen egunetik ordezkapenak egitea eskatzen dituzte., baita errekonozimendu politikoa ere, egun adineko egoitzetako langileei ukatzen zaiena.

Grebak maiatzaren 25era arte jarraituko du, Bilboko kaleak eta sektoreko patronalen egoitzak berriro hartuko dituzten manifestazioekin. Horretarako, hilaren 16an manifestazioa egingo dute BFAtik goizeko 11:00etan Eusko Jaurlaritzara, gutxieneko zerbitzuen handitzea salatzeko.