Mobilizazioak Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundean, langile gehiago kontratatu ditzaten exijitzeko

2022/01/26
Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko (GOFE) Langileen Batzordeak mobilizazioak iragarri ditu, presio asistentziala eta langile faltaren ondorioz zentroak kolapsatzen ari direlako. CCOO, ELA, SATSE, LAB, ESK eta SAE sindikatuek deitutako mobilizazioek helburu bikoitza dute: alde batetik, adinekoen eta desgaitasunen bat duten pertsonen egoitzetako larritasun egoeraren aurrean Aldundiak erakutsitako kudeaketa “arduragabea eta opakua” salatzea; eta bigarrenik, langile gehiago kontratatu ditzaten exijitzea. Sindikatuek azpimarratu dutenez, ezinbestekoa da behar besteko finantzaketa bermatzea zentroetan langile gehiago kontratatzeko eta kalitatezko gizarte-zerbitzuak bermatzeko. Ildo beretik, pandemiari premiazko erantzun adostuak ematea eskatu dute, eta datuen gardentasuna eta esku hartzeko protokoloak eta irizpideak betetzea exijitu. Sindikatuek bilera sorta iragarri dute Batzar Nagusietako alderdi politikoekin - EAJ, PSOE, Bildu, Elkarrekin eta PP-, egoeraren berri emateko.

Arabako Foru Aldundia, Ramiro Gonzalez buru dela, Gizarte Politiketako Saileko lantaldearekin batera -Emilio Sola Gizarte Politiketako Diputatua-,” mantso eta lidergorik gabe” aritu da pandemiaren ia bi urte hauetan, eta pandemia eta haren ondorio sozialak propaganda politikorako elementu gisa erabili dituzte.

Hala, sindikatuek salatu dute:

Antolaketa eta langile falta. Bertan behera utzi dituzte oporrak, egun libreak eta kontziliazio familiarrerako egunak, etab. Ez dituzte indartu garbiketa, sukalde, mediku, erizain eta begirale taldeak, langileak eta erabiltzaileak arriskuan jarriz.

  • Kudeaketa arduragabea eta opakua.
  • Koordinazio-irizpiderik eza.
  • Informazio falta eta datu soziosanitarioen gardentasuna eza.

Beste batzuetan bezala, talde profesionalak eraginkortasunez eta konpromisoz erantzuten ari dira, nahiz eta aparteko egoera horrek gainkarga emozionala eta lanekoa dakarren.

Azpimarratzen dutenez, Gizarte Zerbitzuen Sistema Publikoa eraldatu behar, etor daitezkeen krisi-egoera berrien aurrean berme eta tresna gehiago izateko.