CORREOS

Mobilizazioak Correosen, kontratazio falta salatzeko eta lan baldintzak hobetzea eskatzeko

2023/04/20
ELAk aurrera jarraitzen du Correoseko mobilizazio zikloarekin. Sindikatuak deituta, langileek elkarretaratzea egin dute Jundizko Tratamendu Automatizatuko Zentroaren aurrean, Gasteizen, jasaten ari diren kontrataziorik eza eta lan-baldintzen okertzea salatzeko.

Correoseko behin-behinekotasuna egungo %20tik Europako araudiak behartzen duen %8ra jaisteko betebeharraren aurrean, kontratazioak ahalik eta gehien murriztu dituzte, horrek Correoseko langileen zerbitzuari eta lan-baldintzei dakarkien kaltearekin.

Behin-behineko langileek gero eta aukera gutxiago dute Correosen lan egiteko, kontrataziorik ez dagoelako, eta gainerako langileek bete behar dituzte oporraldiak edo laneko bajak. Postari eta bezeroaren arretarako langile faltak zuzenean eragiten dio zerbitzuari. Correos SPUko operadore izendatua izanik, ez da zerbitzu publikoaren betebeharrak betetzen ari.

Correoseko bulegoetan gero eta gehiago egon behar da zain langile faltagatik, eta, oraingoan, maiatzaren 28ko udal- eta foru-hauteskundeak gehituko zaizkie. Banaketa-langileak eguneroko lana egoki egin ahal izateko behar diren langileen mugan daude. Posta bidezko botoa, errolda-txartela eta hauteskunde-propaganda banatzeak lan-gainkarga dakar, eta horrek zaildu egingo du SPUren eguneroko banaketa, kontratazioak egiten ez badira.

Correoseko langileek datorren egoera salatu nahi dute, eta beharrezko neurriak hartzeko eskatu diote zuzendaritzari, zerbitzuak eraginik izan ez dezan. Izan ere, hauteskundeak dakarren bidalketen bolumen handiak zerbitzu publikoaren funtzionamendu normalari kalte egin diezaiokete eta.