Mozal Legea indargabetzearen alde agertu da ELA-Ertzaintza

2021/11/19
ELA-Ertzaintzak kezka agertu nahi du hainbat polizia sindikatu korporatibok protestatzeko deia egin dutelako Mozal Legea ez indargabetzeko. Tamalez sindikatu korporatiboak eskuin muturraren jokoan erori dira.

Gogoratu behar da gizarte zibilaren mobilizazio aldi luze baten ondoren ezarri zela Mozal Legea; protesta egin zen austeritate politiken, zerbitzu publikoetako murrizketen eta pentsio zein lan erreformen aurka, besteak beste. Bada, lege horrek askatasunei erasoaz herritarrei manifestatzeko eskubidea erabat mugatu die (hala salatu zuen Europako Kontseiluko Giza Eskubideen arduradunak).

Polizia lanari dagokionez, Herritar Segurtasunaren Legea (Mozal Legea) dela medio milaka zigor administratibo ezarri dira; besterik gabe, herritar batek poliziaren ekintza eztabaidatze hutsagatik, esaterako, nahiz eta desobedientziarik ez agertu. Zigor ekonomiko horiek benetako abusua dira, eta gehienean ez dute atzera bueltarik.

ELA-Ertzaintzaren iritziz poliziaren eginkizuna da herritarrak babestea eta horiek euren eskubideak egikaritzeko aukera bermatzea. Bestalde, sistema demokratiko batean ziurtatu behar da poliziak lana segurtasunez egin dezakeela. Baina Mozal Legea, inondik ere, ez zen sortu polizia babesteko, baizik eta herritarrei eragozteko botere politikoaren aurkako adierazpide kritikoak egin ditzaten.

ELAk ikusten du tamalez polizietako sindikatu korporatiboak eskuin muturraren jokoan erori direla. Aitzitik, ELA-Ertzaintzak uste du albiste ona dela Mozal Legea indargabetzeko eztabaida hasi izana. Horregatik galdegiten die Kongresuan ordezkaritza duten euskal alderdi politikoei aktiboak izan daitezela indargabetze horretan.