GIPUZKOAKO KALE GARBIKUNTZA

Negoziazioaren blokeoa salatzeko manifestazioa

2023/06/14
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek manifestazioa egingo dute larunbat honetan, ekainak 17, Donostian, hitzarmen duin baten alde.

Gipuzkoako kale garbikuntza eta zabor bilketaren hitzarmenaren negoziazio mahaiean egiaztatu da patronalak ez duela negoziazioetan aurrera egiteko borondaterik eta, beraz, blokeatuta dagoela. Sektore honetan 1.500 pertsona baino gehiago ari dira lanean, besteak beste: kale-garbikuntza, zabor-bilketa, zabortegiak, erraustegiak, hondartzen garbiketa, gaikako bilketa, birziklatze-plantak, estolderia, etab. Egoeraren balorazio oso negatiboa egiten dute ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta langileen erosteko ahalmenaren galeraren aurrean, manifestaziora deitu dute ekainaren 17rako, 12: 00etan, Donostian, hitzarmen duin bat eskatzeko.

Urtarrilean sindikatuek 28 puntu eta landu beharreko gaiak biltzen zituen plataforma aurkeztu zuten, sektoreko lan-baldintzak hobetzeko asmoz. Hala ere, lau hilabete zain egon ondoren, patronalak ia proposamen guztiak baztertu ditu. Are gehiago, murrizketak ere planteatu dira baja osagarrietan eta txanda kontratuetan. Baldin eta patronalaren jarrera ez bada aldatzen, ez da baztertzen mobilizazio gehiago deitzea.