Gehiegizko zerbitzu minimoek ez dute eragotzi Gipuzkoako egoitzetako ehunka langile kalera ateratzea

Martxoaren 13an 243 eguneko greba atzeratu ondoren, eta Gipuzkoako egoitzetan bizi izandakoaren eta jasandakoaren ondoren, Aldundiaren eta sektoreko Patronalen erantzuna espero zenaren guztiz kontrakoa izan da. ELAren esanetan lan eta gizarte-gatazka konpontzea, plantilla handitzea, baliabide material gehiago eta lan-baldintza hobetzeko erabakia hartu beharrean, 9 hilabete igaro ondoren, Aldundiak eta sektoreko patronalak erabateko mespretxua erakusten ari dira langileekiko eta egoilarrekiko. "Adibide gisa, azken hilabeteetan egindako azken hiru bilera-eskaerei erantzun ere ez dute egin".
Urriaren 6an, eta 244. greba egunean, sektoreko langileek salatu dute COVID-19 pandemiaren aurretik baino baldintza okerragoetan ari direla lanean. Gaur egungo egoera oso kezkagarria dela. Pandemiaren aurretik ere oso defizitarioa zen egiturazko langile faltari lan-karga askoz ere handiagoa gehitu behar zaio, zentroen berregituratzea dela eta. Hori dela eta, gaur egun langile-falta horrek arrisku larrian jartzen du, ez bakarrik langileen osasuna, baita egoitzetako erabiltzaileen bizitza ere.
"Langileak txaloetataik haratago, bizi duten pandemiaren bigarren olatu honetan, langileok eta erabiltzaileok, urgentziaz eta berehala, langile gehiago, bitarteko gehiago eta hobeak behar dituzte, bizi- eta lan-baldintza hobeak. Erabiltzaileei baldintza duinak bermatzeaz haratago, erabiltzaileen eta egoitzetako langileen bizitza dago jokoan", azpimarratu dute langileen bozeramaileek manifestazioaren amaieran.
Langileek, Donostian gaur frogatu duten bezela, argi dute Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak eta Foru Aldundiaren eta sektoreko patronalaren murrizketak gorabehera, borrokatzen jarraituko dutela bere helburua lortu arte.