Oraindik ez zaie COVID-19-a atzemateko testik egin Arabako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileei

ELAk jakinarazi du oraindik ez zaiela egin koronabirusaren testa Arabako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileei, nahiz eta duela hiru aste Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak jendaurrean iragarri atzerapenik gabe egingo zirela. Gaur egun, ordea, Osakidetza ez da horiek egiten hasi.
Maiatzaren 6an, udaletan test masiboak egingo zituztela iragarri zuen Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak. Aldundiak berak berretsi zuen hori, eta datozen egunetan egingo zirela iragarri zuen. ELAk positiboki baloratu zuen neurri hori, eta, azpimarratu zuenez, sindikatuek udalei eta aldundiei egindako eskaeren fruitua izan zen.
Hala ere, iragarpena egin eta hiru astera, testak ez dira iritsi eta Arabako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek ez dakite noiz egingo diren.
Gauzak horrela, ELAk Gasteizko Udalari, Arabako Diputazioari eta sektoreko enpresa arduradunei dei egin die Osakidetzari eska diezaieten langileei testak berehala egiteko, "pandemiaren aurka lehen lerroan borrokatu diren eta erakundeek erabat ahaztu dituzten langileei".