Ordiziako egoitzak bat egingo du greba mugagabearekin urtarrilaren 23tik aurrera
Aurrerapausurik gabe jarraitzen du Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroen sektoreko hitzarmen berri baterako negoziazioak. Urtebete igaro da eratu zenetik, eta patronalek (Matia, Adegi eta Lares) ez dute aurkeztu sektoreak bizi duen prekaritatea eta soldata-arrakala ezabatzeko proposamenik. Nahiz eta Foru Gobernuak eta Podemosek hitzarmen sektorial bat bultzatzeko konpromisoa hartu zuten iazko aurrekontu akordioan, ez dago horren berririk.
ELAk maiatzean hasi zituen grebak, eta guztira 14 greba egun izan dira gaur arte. Aste honetan bertan, ELAk sektore mailako beste bi jardunaldi deitu ditu urtarrilaren 22rako eta 23rako.
Gainera, 6 zahar-etxeetan greba mugagabea deitu zuten azaroaren 21etik aurrera. 70 greba-egun bete dituzte dagoeneko Jesusen Bihotza (Eulen Soziosanitarioa), Villa Sacramento (Domusvi-Mitie), Txara II (Bihar Gipuzkoa) eta La Paz (GSR), Zumaiako San Juan (Clece) eta Zumarragako (Argixao) zentroetako langileek.Ordiziako San Jose (Celece Mayores) egoitzako langileek, joan den astean egindako batzarraren ostean, urtarrilaren 23tik aurrera greba mugagabearekin bat egitea erabaki dute.
Sektoreak 5.000 langile inguru biltzen ditu, eta soldata-arrakalarekin amaitzea eta % 100ko lan jardunaldiak izatea eskatzen dute. Izan ere, langileen ia erdiek kontratu partzialak dituzte eta 10.000 eurotik gorako soldata-arrakala jasaten dute urtean, gehienak azpikontratatutako emakumeak diren sektorean.