Osakidetzak zerbitzu publikoak suntsitzen eta prekarizaten jarraitzen du

2018/10/26
Emergentzietako langileak urtarriletik mobilizazioetan dabiltza beraien egoera prekarioa salatzen. Horri, Arabako eta Gipuzkoako koordinazio zentroak ezabatzeko plana gehitzen zaio. Osakidetzako Zuzendaritzak iluntasunean jokatu du, ohikoa den bezala. Gaur egun ez digu jakinarazi zeintzuk diren aldaketa honen arrazoiak eta xehetasunak. Dakigun gauza bakarra da zerbitzua Bizkaian zentralizatzeko asmoa dutela, Arabako eta Gipuzkoako zentroak ezabatuz.

Larrialdietako borroka ez da gauza berria ELArentzat, aspalditik eskatu izan dugu hobekuntzak egiteko, eta atal horretako lanaren ezaugarri bereziak kontuan hartzeko.

Azkeneko hilabetetan, urtarriletik hain zuzen ere, Langile Batzordean mobilizazio ezberdinak egin ditugu gure lan baldintzak aldarrikatuz. Hasieratik, Emergentzietako Zuzendaritzaren pasibotasunarekin egin genuen topo, baita Osakidetzako zuzendaritzaren beraren pasibotasunarekin. Askotan eskatu izan diogu taldearen lan baldintzen inguruko benetako negoziazio bat.

Azkeneko Mahai Sektorialean, uztailaren 3an izan zena, eta mobilizazioak hasi zirenetik 6 hilabete igarota, Osakidetzak ez zuen gaiaren inguruko proposamenik egin, gaia jorratzeko borondatea besterik ez zuen adierazi. Hala ere, Osakidetzak bere borondate eza mantendu egiten du eta horren adierazgarri da Langile Batzordeari biharko egin dion bilera deialdia. Gai ordenean ez ziren langileen errebindikazio nagusiak jasotzen. Hori dela eta, erabaki genuen bilera horretara ez joatea.

Hori gutxi balitz, Osakidetzak orain planteatu egiten du Gipuzkoako eta Arabako koordinazio zentroak ezabatzea eta zerbitzua zentralizatzea Bizkaian. Horrek, eragin zuzena dauka Emergentziak eskaintzen duen zerbitzuan eta zerbitzu publiko honen kontrako eraso larri bat da.

Esan behar dugu Osakidetzako Zuzendaritzak iluntasunean jokatu izan duela, ohikoa den bezala. Gaur egun ez digu jakinarazi zeintzuk dira aldaketa honen inguruabarrak, xehetasunak eta arrazoiak. Dakigun gauza bakarra da zerbitzua Bizkaian zentralizatzeko asmoa dutela, Arabako eta Gipuzkoako zentroak ezabatuz.

Argi dago erabaki horrek eragin kaltegarri zuzena daukala langileen lan baldintzetan. Baina horrez gain kaltegarria da arintasuna eta koordinazioa behar duen zerbitzu honetan.

Horren adibidea da 112 SOS Deiak telefono zerbitzua, Bizkaia zentralizatuta dagoena jadanik. Horrek arazo larriak sortzen ari ditu eguneroko zerbitzuan. Orain dela egun batzuk, adibidez, anbulantzia bat eskatu egin zen Zaldibiarako eta Zaldibarrera joan zen.

Emergentzietako Zuzendariaren dimisioak frogatu egiten du erabakia kaltegarria dela zerbitzuaren kalitaterako.

ELAtik mobilizazioak deituko ditugu erabaki honen aurrean, aurretik egin izan genuen bezala Ertzaintzako SADAE zerbitzua zentralizatu nahi zenean. Horrek, eragin zuzena izango zuen aipatutako 112 zerbitzuaren kudeaketan.