Osakidetzak EPEari buruzko ikerketa amaitu nahi du erantzukizun politikoak argitu gabe

2018/09/18
Hiru kategoriatako azterketak errepikatzeaz gain, epaimahai bateko kideei espedientea irekiko die, baina azterketa-filtraziorik izan denik onartu gabe eta azterketen azken emaitzetan eraginik izan denik aitortu gabe. Erantzukizun politikoak eta penalak, baleude, egotzi behar dira. EPEan gertaturikoa oso larria da, eta auzi horri sasi-kitoa eman nahi izatea onartezina, dagozkion erantzukizunak inori leporatu gabe, dela egile nagusi gisa, dela sopikun gisa. ELAk, beste behin, Darpon Sailburuaren kargugabetzea eskatzen du, bera baita gertatutakoaren erantzule nagusia.

Osakidetzako zuzendari orokor Maria Jesus Mugicak atzo egindako agerraldian EPEaren gaineko barne-ikerketa amaitutzat jo zuen, eta ikerketaren emaitzak eman zituen jakitera. Horren aurrean ELAk honako hauek adierazi behar ditu:

1.- Ikerketaren lausodura eta emaitzak: ELA sindikatuak, Osakidetzako Sektore Mahaian ordezkaritza zabala izan arren, prozesu osoan jaso dugun informazio bakarra Osakidetzak hedabideetan zabaldu duena izan da. Osakidetzak orain arte emandako informazioaz gain, informazio gehiago EPEaren Jarraipen Batzordean banatuko duela iragarri du. Batzorde horretan EPEaren sindikatu sinatzaileak baino ez daudenez, bizkar emango diote gure ordezkaritzari, eta langile guztien ordezkaritza sindikalak biltzen dituen organoari (Sektore Mahaia), alde batera utziz.

2.- Ez dute gertaturikoa ikertu nahi, ezta erantzukizunak egotzi ere: ikerketa erantzulerik aurkitu gabe amaitu da, eta azterketa-filtraziorik eta irregulartasunik izan denik onartu gabe, nahiz eta zantzu garbiak izan.

Osakidetzak dena ukatzen jarraitu du. Hiru kategoriako azterketak errepikatu beharra iragarri, eta espedientea ireki die beste kategoria bateko sei epaimahaikideri; baina hala ere bere horretan jarraitu du, azterketa-filtraziorik izan ez dela ziurtatuz, eta gertaturikoak proben emaitzetan inolako eraginik izan ez duela baieztatuz.

ELAk salatzen duenez ikerketa horren nondik norakoa datu estatistikoak ateratzera mugatu da, datuokin azterketak errepikatuko diren ala ez erabakitzea epaimahaien esku utziz. Prozesuko alderdi izan diren berberen esku, hain zuzen ere. Are gehiago, ez da testigantzarik jaso salatzaileengandik, epaimahaikideengandik edo azterketak prestatu dituztenengandik (dela IVAPen, dela epaimahaietan beretan).

Itxurak gorde nahi izan dira, baina azken mugaraino inolaz ere iritsi gabe. Hala ere, salatu ditugun irregulartasunak izan, izan dira; ikusi besterik ez dago azterketa batzuk errepikatu beharra eta epaimahaikide batzuei irekitako espedientea.

3.- Ez dago borondaterik mediku espezialistak kontratatzeko sistema ustel horrekin amaitzeko: ELAk hainbatetan salatu du EPE horretan gertaturikoa ez dela kasu bakana izan, sistema ustel baten erakusgarria baizik. Eta sistema horren gailurrean zerbitzuburu jakin batzuk daude, Osakidetzako Zuzendaritzaren babes osoa dutenak. Horiek kontrolatzen dute nor sartuko den lan egitera bere ardurapeko zerbitzura, lehenengo aldi baterako kontrataziopean, eta gero, behin EPEa gainditu ondoren, kontratazio finkoarekin. Bestela esateko, enplegu publikoaren gidari izan behar diren printzipioak alde batera utzi dira, nahita eta jakinaren gainean, zerbitzuaren beraren kalitatearen kaltetan, eta hori dena hautaketa-sistema ustel baten barruan.

Hori horrela izanik, eta oraingo deialdian gertatu dena ohikoa izan arren, Osakidetzak ez du asmorik erakutsi sistema ustel horrekin behingoz bukatzeko.

4.- Egoera horren aurrean, ELAk honako eskakizun hauek plazaratzen ditu:

  • Erantzukizun politikoak eta penalak, baleude, egotzi behar dira. EPEan gertaturikoa oso larria da, eta auzi horri sasi-kitoa eman nahi izatea onartezina, dagozkion erantzukizunak inori leporatu gabe, dela egile nagusi gisa, dela konplize gisa. ELAk, beste behin, Darpon Sailburuaren kargugabetzea eskatzen du, bera baita gertatutakoaren erantzule nagusia.

  • Mediku espezialisten hautaketa-sisteman dagoen ustelkeria ezabatu behar da behingoz. Hautaketa-sistema horren barruan aldi baterako kontratazioa eta EPEak daude. Horren oinarrian behin-behinekotasunaren tasa handia dago, Osakidetzan % 38aren ingurukoa.

  • Bistan denez indarrean dagoen EPEen sistemak porrot egin du, ez baitu behar adinako bermerik ematen. Horregatik, aldaketa sakonak egin behar dira, hautaketa-sistema ziurra eraikitzeko, oposiziogileen eskubideak gordetzeko, eta hautaketa guztiak enplegu publikoaren sarbiderako printzipio gidarien arabera egingo direla ziurtatzeko.