Osakidetzak euskara arduradun lanpostu bat bete du Araban eta ez du hizkuntza eskakizunik exijitu lanpostua betetzeko deialdian

2018/02/05
Beste behin esan behar dugu Osakidetza gezurretan dabilela eta informazioa manipulatzen duela, existitzen ez den errealitate bat islatu nahian. Orain, euskararen txanda da, euskararen erabilera normalizatzeko planaren betetzearen balorazioarena, hain zuzen ere.

Gaur, otsailak 2, Darpón Jauna Legebiltzarrean agertuko da bere propaganda kanpainarekin jarraitzeko eta errealitatearekin zerikusirik ez daukan euskara planaren betetze maila aurkezteko.

Argi esan dezakegu Osakidetza oso urruti dagoela Euskararen Erabilera Normalizatzeko Bigarren Planean ezartzen diren helburuak betetzetik eta horiek betetzeko borondaterik ez daukala. Gaur egun Osakidetzak ez ditu hizkuntza eskubideak bermatzen, ez bere langileenak, ezta biztanleriarenak ere. Are gehiakgo, horiekiko agertzen duen jarrera mespretxukoa da.

Horren adibide argia da Goi Mailako Teknikari lanpostu bat betetzeko Araban martxan jarri duen deialdia. Lanpostu horri formakuntza eta euskara ardurak eman zaizkio eta hori horrela izanda, lanpostua betetzeko deialdiak ez zuen Hizkuntza Eskakizunik ezartzen lanpostua bete ahal izateko. Izatez, lanpostua hartu duen pertsonak ez dauka Euskara Eskakizunik. Zer esan dezakegu Osakidetzak ez duenean bermatzen euskara arduradun bat elebiduna izatea? Nor engainatu nahi dute?

Osakidetzak biharko deitu gaitu sindikatuok batzar batera, non euskara planaren betetze mailaren inguruko balorazioa aurkeztuko duen. Hala ere, balorazio horren edukia aldez aurretik ezagutzeko aukera ukatu digu, batzarrean bertan ezagutzeko aukera izango dugula esanez. Beste behin, Osakidetzak iluntasun osoz jarduten du, arau demokratiko eta sindikatuon lana eta ordezkaritza mespretxatuz.

Osakidetzari exijitzen diogu euskararen erabilera normalizatzeko benetazko konpromisoa hartu dezan eta langileak euskaldutzeko eta langileen eta gizartearen hizkuntza eskubideak bermatzen digun zerbitzu publikoa eskaintzeko benetako neurriak hartu ditzan.