Osakidetzak ez du Garapen Profesionaleko atzerakinak ordaintzeko borondaterik

2019/02/20
Osakidetzako Mahai Sektoriala elkartu da otsailaren 19an. Orain arte egin duen bezala, Garapen Profesionalarengatik zor dituen atzerakinak ordaintzeko borondaterik ez duela adierazi du. Jakinarazi duenez, 2011ko deialdiko osagarria martxoko nominarekin batera ordaintzen hasiko da, baina, argi utzi du ere, ez dituela deialdi horretako atzerakinak ordainduko, ezta deialdi ezak sortutakoak ere. Bilera ospatu bitartean, ELAko ordezkariek elkarretaratzea egin zuten Osakidetzaren Gasteizko egoitzaren aurrean.

Osakidetzako Mahai Sektoriala eduki dugu eta esan behar dugu, betiko planteamenduekin egin dugula topo:

1.- EPE honetan gertatutakoa oso larria izanik, Fiskaltzak berak jasotzen duen bezala, Osakidetzak berriro erakutsi du ez daukala hori ikertzeko eta jorratzeko borondaterik. Horrela, gertatutakoa atzean utzi nahian, hurrengo EPEtan martxan jartzeko neurri batzuk planteatu egin ditu. Esan behar dugu neurri horiek ez dutela konpontzen gaur egun mediku espezialisten hautaketan dagoen sistema ustela. Ez da arazoa benetan jorratu eta konpondu nahi.

2.- Garapen Profesionalarengatik zor dituen atzerakinak ordaintzeko borondaterik ez duela adierazi du. Jakinarazi duenez, 2011ko deialdiko osagarria martxoko nominarekin batera ordaintzen hasiko da, baina, argi utzi du ere, ez dituela deialdi horretako atzerakinak ordainduko, ezta deialdi ezak sortutakoak ere.

3.- Ez ditu planteatu Lehen Arretan dagoen egoerari irtenbide bat emateko neurri zehatz eta eraginkorrak. Lehen Mailako Arretarako Estrategia dokumentua aurkeztu digu. Horren inguruan esan behar dugu estrategia hori berandu datorrela gaur egungo egoera eutsiezina den heinean eta ez dituela Lehen Arretak bizi duen egoera berehala konponduko duten neurri zehatzak eta eraginkorrak planteatzen.

4.- Bukatzeko, gogoratu behar dugu Larrialdietako langileak mobilizazioekin hasi zirela pasa den urteko urtarrilean beraien lan baldintzen hobekuntza eskatzeko. Orain Osakidetzak horren inguruko proposamena ekarri du mahaira, baina arbuiatua izan da ez diolako langileen egoerari konponbidea ematen.

Osakidetzari eskatzen diogu benetako negoziazioa jarri dezala martxan gure osasun zerbitzuak bizi dituen arazoei konponbide bat emateko.