Osakidetzak ez du inolako borondaterik 15.000 langileri baino gehiagori eragiten dien behin-behinekotasunaren arazoari irtenbidea emateko

2021/03/24
Mahai Sektorialeko gaurko bileran, Osakidetzak aurreko bileretan markatutako ibilbidea jarraitu du eta berriro ere, erabat eskasa den EPE bat martxan jartzeko planteamendua egin du, Osakidetzako langileen %40ak baino gehiagok pairatzen duten behin-behinekotasunaren arazoari bizkarra ematen diolarik.

Osasuneko Mahai Sektorialeko goiz parteko bileran, Osakidetzak berriz ere argi utzi du ez duela inolako urratsik emango plantillak jasaten duen behin-behinekotasunaren arazoarekin amaitzeko. Arazo estruktural hori azken urteetako pribatizazio, murrizketa eta austeritate politiken ondorio zuzena da. Gaur egun, behin-behinekotasun tasa %40tik gora dago eta 15.000 langileri baino gehiagori eragiten die. Pandemia hoentan baraien bizitza arriskuan jarri izan duten langile asko, aldi baterako kontratuak dituzte, eta urte luzeak ematen dituzte egoera horretan, askotan behin-behineko egoeran heltzen direralik erretirora.

Hori gutxi balitz, aldi baterako kontratuak dituzten milaka langile daude, egiturazko eta ohiko funtzioak betetzen dituzten arren, formalki sortutako lanpostu bati atxikita ez daudenak. Praktikan, lanpostu horiek existitzen dira eta beharrezkoak dira zerbitzu publikoaren funtzionamendurako. Horrez gain, langileek lan-gainkarga sistematikoa jasaten dute, giza baliabideen eskasiagatik.

Prekarietate horri irtenbidea emateko, egiturazko 5.000 lanpostu sortu behar dira, eta, ondoren, 15.000 lanpostu inguruko finkapen-prozesu bat jarri behar da abian, enplegu publikoa finkatutzeko eta baita osasun-zerbitzu publikoa aurrera ateratzen urteak daramatzaten langileak ere.

Hori horrela izanik, Osakidetzak gaur berriro proposatu duen 3500 lanpostuko LEPa ez da nahikoa, baja begetatiboak ia ez baititu estaltzen eta ez baitu behin-behinekotasunaren arazoa konpontzen.Gogoratu behar da sektore publiko osoari eragiten dion behin-behinekotasunaren problematikari irtenbiderik eza dela, hain zuzen ere, beste sindikatu batzuekin batera apirilak 2

2rako deitu dugun grebaren arrazoi nagusia.  Estatu espainiarreko eta Europako behin-behinekotasun tasarik altuena daukagu sektore publikoan.

Gaurko bileran jorratutako gainerako gaiei dagokienez, esan behar dugu Osakidetzak ez duela borondaterik erakutsi kolektiboaren lan-baldintzak hobetzeko aurrerapausua sendoak emateko. Horren adibide garbia da mahai gainean dagoen Lanbide Garapenerako deialdiaren proposamena. Proposamen horrek azken hamarkadan aplikatutako murrizketei eusten die, plantillak azken 9 urteetako soldata-osagarriei uko egin behar izatea baitakar.

Osakidetzari eskatzen diogu urratsak eman ditzala bere egiturazko arazoak konpontzeko. Pandemiaren aurreko gabeziak dira hauek eta, zalantzarik gabe,  pandemiari emandako erantzuna oztopatu dute.