Osakidetzak ez du proposamenik egin Lehen Arretaren egoera larria konpontzeko

2019/05/14
Apirilaren 12ko greba-eguna arrakastaz amaitu zen, eta maiatzaren 17rako deitutakoak ere babes zabala jasoko duela aurreratu du ELAk. Maiatzaren 14ean ospatu den bileran Osakidetzako zuzendaritzak ez du neurri berri bakar bat ere proposatu. Ondorioz, sindikatuek eta eta Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak lanuzteari eustea erabaki dute.

ELAren aburuzOsakidetzaren ahaleginak plantilla desmobilizatzeko baino ez dira izan.Gogoratu beharrekoa da grebaren sindikatu dei-egileok eta Lehen Arreta Arnasberritzen langileek plataforma bat adostu zutela, eta guztira 23 eskakizun bildu zirela. Sektore Mahaiaren maiatzaren 2ko bileran Osakidetzak 13 eskakizuni heltzeko nolabaiteko borondatea agertu zuen, eta horretarako, proposamen bat prestatzeko konpromisoa hartu.

Bada, 13 puntu horien gaineko proposamen horretan ez da jaso neurri zehatz bakar bat ere; horren ordez, geroko batean planteamenduak aztertzeko aukera generikoak proposatu dira. Bestela esateko, ez da neurri zehatzik proposatu abian jartzeko.

Azpimarratu behar dugu, gainera, Osakidetzak bazter utzitako 10 puntuak oso mamitsuak direla. Lehen Arretaren arazoak larriak dira: behin-behinekotasunaren tasa itzelak (%38), plantillak egonkortzeko beharra, plantillen neurriak eta kopuruak zehazteko beharra, Lehen Arretan giza baliabide nahikoak eta beharrezkoak jartzea zerbitzu egokia eta kalitatezkoa emateko adinakoak. Azken puntu honi begira, adierazi digu lanean hasteko borondatea daukala, baina beti ere, aurrekontuen mugak aldarrikatuz. 2.000 bat lanpostu gehiago beharko liratezke Lehen Arretan kaltatzeko arreta bat eman ahal izateko.

Azken urteotan Lehen Arretaren zerbitzua lausotuz joan da, ospitale-arretaren alde, hor negoziorako tarte handiagoa baitago norbaitentzat. Osakidetzak egoera hori zuzentzeko neurriak hartu beharrean, adabakiak jartzen aritu da, profesionalei zeregin gehiegi leporatuz, eta herritarrentzako arreta-kalitatea gero eta gehiago hondatuz. Lan-kargak onartezinak dira, profesionalen ordezkorik ez da izendatzen, itxaron-zerrendak gero eta luzeagoak dira, profesionalek ez dagozkien eginkizunak egin behar dituzte, eta abat, eta abar.

Osakidetzak ez du inoiz aztertu nahi izan funtsezko arazoa, ez du kontuan hartu hemengo lantaldeak diziplina askotarikoak direla, eta kategoria desberdinekoak. Arazoak, beraz, osotasunean aztertu behar dira.

Premiazkoa da Lehen Arretaren eredua aztertzea, haren aurrekontua handitzea, giza baliabide nahikoak eta kategoria guztietakoak jartzea, plantillak egonkortzea, murrizketak eta eros-ahalmenaren galerak lehengoratzea, prestakuntza denei bermatzea, lan-kargak arrazionalizatzea, segurtasunezko eta kalitatezko arreta bermatzea, lan-baldintzak hobetzea, aldi baterako kontratazio gehiegizkoa amaitzea, eta azken batean, Lehen Arretaren eredu sendo, eraginkor eta jasangarri baterantz joatea, osasun-sustapenaren helburuaren bila.