Osakidetzak iragarritako lan eskaintza berriak ez du Lehen Arretak bizi duen egoera larria konponduko

2019/09/18
Osakidetzak iragarri du Familia eta Pediatria Medikuntzako 215 lanpostuko LPE (Lan Pubikorako Eskaintza) bat deituko duela 2020an. ELAren esanetan ez dira lan-karga jasangaitzak arinduko eta itxaroten eman beharreko denbora laburtzeko ere ez du balioko. Gainera, familia-sendagile edo pediatra postu berri bat ere ez du sortuko.

Haatik, ELAk salatu du horrek ez duela Lehen Arretak pairatzen duen egoera larria bideratuko -langileek dagoeneko hiru greba egun egin dituzte-, honako arrazoiengatik:

Deialdiak Familia eta Pediatria Medikuntzako postuak aurreikusi ditu, baina Lehen Arretako lantaldeak beste kategoria batzutako profesionalek ere osatzen dituzte, zeintzuk halaber arazo handiak dituzten. Alabaina, Osakidetzak hauei buruzko proposamenik ez du egin.

Sendagileen kategorian, berriz, ez da postu berri bat ere sortuko. Behin eta berriz salatu izan dugu sendagileek (beste kategorietako langileek bezala) lan karga jasangaitzak dituztela: egunean batez beste 35 pertsona artatzen dituzte (une batzutan 50 ere izan daitezke); bakoitzari 10 minutu ere ezin diote eman; baten bat falta denean ez da ordezkapenik egiten, eta ondorioz lanean ari direnek besteen lan karga beren gain hartu behar dute... Beraz, pazienteek gero eta denbora luzeagoz itxaron behar dute.

Sendagileen gabezia da Osakidetzako arazo larrienetako bat. Zerbitzu egokia eman ahal izateko Familia Sendagile eta Pediatra postu gehiago sortu beharra dago, baina Osakidetzak LEP horrekin ez du bat ere sortuko. Hau amaitzen denean eta postuak betetzen direnean gaurko sendagile kopuru bera izango da lanean, edo gutxiago, kontutan izanik datozen urteetan izango diren erretiro ugariak.

Iragarritako LEPak ez du konponduko gaur Osakidetzan dagoen aldi baterako enplegu tasa izugarria. LEPak egonkortu egingo ditu gaur behin-behinean beteta dauden 215 postuak: Aldi baterako izendapena dutenek postu finko bat izango dute. Baina horrek ez du %40ko aldi baterako enplegu tasa jaitsiaraziko (Lehen Arretan diharduten 2.000 sendagileen artean 800). Gainera, urteroko erretiroak ere gehitu behar dira (Osakidetzan 1.000 izan ohi dira). Beraz, 215 postu egonkortuta ere 800 sendagile aldi baterako kontratuz jardungo dira. Osakidetzak eskaintzen duen prekaritatearen ondorioz azken urteetan profesional mediku asko eta asko etorkizuna beste nonbait bilatzera behartu ditu.

Lehen Arretako ereduari heldu behar zaio lehenbailehen; aurrekontua gehitu; kategoria guztietan langile nahikoak jarri; plantillak egonkortu; murrizketak bertan behera utzi eta eros-ahalmena berreskuratu; guztientzako prestakuntza bermatu; lan-kargak arrazionalizatu; arreta seguru eta kalitatezkoa eman; lan baldintzak hobetu, eta abusuzko aldi baterako kontratuak alde batera utzi. Hau da, Lehen Arretako eredu indartsu, eragingarri eta jasangarria ezarri, osasuna sustatzera bideratua.

Azkenik, salatu egin behar dugu Osakidetzak negoziazio organoekiko eta beroietan gauden langileen ordezkariekiko agertzen duen mespretxua. Izan ere, LEParen berri izan dugu hedabideen bitartez; Osakidetzak ez du hau Mahai Sektorialera eraman, lanpostuen kopurua eta deialdiaren inguruko beste xehetasunak negoziatzeko. Areago, esan du negoziazio hau LEParen Jarraipen Batzordera eramango duela, hots, akordioa sinatzen dutenek soilik parte hartzen duten instantzia batera, hau legeak ezarritako negoziatzeko eremua ez izan arren.