Osakidetzak jarraitzen du EPEan gertatutako irregulartasunak ukatzen

2018/07/03
Mahai Sektorialean adierazi dute uztailaren 19an Legebiltzarrean agerraldia egingo dutela egindako ikerketaren emaitzak aurkezteko. Gertatutakoaren inguruko informazioa ukatu digute agerraldia egin arte.

 

Mahai Sektorialean argi utzi du Osakidetzak ez daukala EPE honetan mediku espezialisten kategoriatan gertatutakoaren ikertzeko borondaterik, ezta sistema ustel honekin behin-betiko amaitzeko asmorik ere. Izan ere, zoritxarrez, deialdi honetan gertatutakoa ohikoa da sistema ustel horretan.

Gure galderei erantzunez, Giza Baliabideen Zuzendariak berretsi egin du ez dagoela filtrazioak egiaztatzen duen frogarik eta mahai gainean dagoena susmoak edo kexak baino ez direla. Horrez gain, egindako ikerketaren inguruko informazioa ukatu egin digu. Bere argudioa izan da uztailaren 19an agerraldia egingo duela Eusko Legebiltzarrean ikerketaren emaitzak aurkezteko. Badirudi sindikatuok eta langileok ez dugula errespetua merezi eta itxaron behar dugula beste batzuek informazio hori izan dezaten lehendabizi.

Osakidetzaren jarrera hau zinikoa da eta agerian uzten du bere konplizitatea gertatzen ari denaren aurrean.

ELAk berriro salatu nahi du EPE honetan gertutakoa ez dela gertakizun isolatua izan, baizik eta sistema ustel baten adibide bat besterik ez, sistema horren buruak hainbat mediku-zerbitzuburu izanik. Hauek kontrolatzen dute beren zerbitzuetan nork egingo duen lan, hala behin-behineko kontratuekin, nola EPE ondorengo kontratu finkoekin, administrazioan lan egiteko printzipio guztiak alboratuta eta zerbitzuen kalitatearen kaltetan.

Gai ordenan jasotako gainerako gaiei dagokionez, beste behin salatu nahi dugu Mahai Sektorialean ez dela ezer negoziatzen, edukirik ez duen mahai bat dela hau. Gaur, beste askotan bezala, Osakidetzak deitu egin gaitu entzule moduan informazioa emateko edota dokumentuen zirriborroak bileran bertan aurkezteko, horren ostean alegazioak egiteko. Hori gutxi balitz, banatutako 6 dokumentuetatik bakarra zegoen elebitan.

Mahaiaren planteamendua ez da ezberdina izan Garapen Profesionalaren gaia jorratzerakoan. Osakidetzak agerian utzi du, beste behin, ez daukala murrizketa honekin bukatzeko borondaterik. Izan ere, 2011ko deialdiaren inguruan ELAk irabazitako epaia errekurritu egin duela adierazi du. Gehitu du irailera atzeratzen dela osagarria ordaintzen hasteko proposamenak egiteko aukera, eta argi utzi du ez daukala atzerakinak ordaintzeko borondaterik, ez epaian jasotakoak, ezta deialdi ezagatik kaltetuak izan diren langileei zor dizkienak ere.

Epaian aitortu denez, Osakidetzako 7.000 langilek ez zuten nominan jaso zegokien soldata-osagarria, jasotzeko eskubidea izan arren. Hori gutxi balitz bezala, Osakidetzak soldata-eskala bikoitza sortu du bere langileen artean, batetik, lanbide-garapenera sartzea eta hori kobratzea izan dutenak, eta bestetik, merezimendu berdinak eduki arren, deialdian parte hartzerik izan gabe kobratzen ez dutenak, edo dagokiena baino gutxiago kobratzen dutenak. Osakidetzak diskriminazio onartezina sortu du, behin eta berriz salatu duguna, eta beste behin, berehala amaitutzat jotzeko eskatzen duguna. Horregatik plantillari zor zaizkion diru-kopuruak, etendako deialdiagatik, eta 2012tik egin ez direnengatik, 250 milioi eurotik gorakoak dira.

ELAk honakoa aldarrikatu nahi du berriro ere:

1.- Epaiaren eraginpeko langileei zor zaizkien diru-kopuruak berehala ordaintzeko eskatzen dugu, eta baita deialdi-ezagatik kalteturik gertatu diren gainerako langileei ere, eta, hortaz, gaur egun dagoen soldata-eskala bikoitzarekin amaitzeko. Eta ordainketa horiek egin behar zaizkie, langile guzti horiei, atzerakinekin. Ez dugu murrizketarik onartuko.

2.- Lanbide Garapenaren eredu berri bat negoziatzeko eskatzen dugu, irizpide objektiboen arabera eta diskriminaziorik gabe; oraingoa ez bezalako beste eredu bat adostu beharra dago. Hasieratik agertu genuen gure desadostasuna oraingo ereduarekin, eta ordezko aukerak proposatu genituen.

Aldarrikapen hauen defentsan kontzentrazioa egin dugu Osakidetzaren bulego nagusien aurrean, ESKrekin batera, Mahai Sektorialaren deialdia zela eta. ELAtik adierazten dugu gure esku dauden baliabide sindikal eta juridiko guztiak erabiliko ditugula, langile guztien lanbide-garapenerako eskubidea bermatzeko, eta Osakidetzak gaurko egunean zor dizkien 250 milioi eurotik gorako diru-kopuruen ordainketa bermatzearren.

Kanpaina bat jarri dugu martxan deialdi ezarengatik kaltetuak izan diren langileek Osakidetzari eskatu diezaioten zor zaien osagarriaren ordainketa, beti ere, atzerakinekin ordaintzeko beharra zegoenetik. Horrez gain, honen aldeko mobilizazioekin jarraituko dugu orain arte egin izan dugun bezala.