Epai batek langile bat lanean berriz onartzera behartu du Osakidetza kontratazioan iruzurra egiteagatik

2019/01/29
Epaiak ELAri ematen dio arrazoia eta Auzitegi Gorenak emandako epai batean oinarritzen da, hain zuzen ere, aldi baterako kontratazioan iruzurra egiteagatik Osakidetza kondenatu zuen beste epai batean.

Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio ELAri, eta Osakidetza kondenatu du emakume bati iruzurrean oinarritutako kontratazioa egiteagatik.

Langileak hiru urte baino gehiago eman zituen Osakidetzan lanean. Osasun zerbitzu publikoak berak aitortu zuen koiunturalak ziren beharrei erantzuteko kontratatu zutela, ez momentu jakin bateko lan kargari erantzuteko. Halere, aldi baterako kontratua egin zioten, bere kontratazioak aldi baterako behar bati erantzungo balio bezala, alegia, iruzurra egin zuen Osakidetzak. Ondoren, bere kontratua bukatutzat eman zuen. Bada, momentu horretan ELAk salaketa jarri zuen, eta orain epaitegiek arrazoia eman digute: langilea berronartzera derrigortu dute Osakidetza; baita kontratua amaitutzat jo zutenetik (bi urte baino gehiago igaro dira) jaso gabeko soldatak ordaintzera ere, beti ere, bere kontratua iruzurrean oinarrituta egon zela argudiatuta. 

Epaian, beraz, Osakidetzak aldi baterako kontratazioan egiten dituen gehiegikeriak aitortu dira, eta horretarako, Auzitegi Gorenak igaro den urteko irailean emandako epai batean oinarritzen da. Horretan, Auzitegi Gorenak arrazoia eman zio ELAri eta Osakidetza kondenatu zuen aldi baterako kontratazioan iruzurra eta abusua egiteagatik.

ELAk aspalditik salatu izan ditu Osakidetzaren aldi baterako kontratazioaren gehiegikeria sistematikoak, sarri-askotan lege-iruzurrean eginak. Eta iruzur horiek beren ondorioak izan behar dituzte. Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, oraingo epaiaren bidez, gure iritzia berretsi du, Osakidetza aldi baterako kontratuenak ez beste xedeak betetzeko baliatzen dela deklaratu baitu.

Osakidetzan behin-behineko eta aldi baterako kontratazioak sistematikoak dira. Izan ere, maiz kontratazioaren zergatia unean uneko lanak dira; baina praktikan horrela kontrataturiko langileek ohiko lanak egiten dituzte, berez egiturazkoak diren postuetan. Auzitegi Gorenak iruzurrezkotzat jo zuen praktika hori, eta orain, Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak gauza berbera egin du.

Agerikoa da Osakidetzak lan prekarioa sustatu nahi duela. Osakidetzak 15.000 langile ditu, aldi baterako kontratuekin; hau da, plantilla osoaren ia %40. Arazoa ez datza legezko mugetan, Osakidetzaren borondate politikoan baizik; behin-behinekotasunaren tasa altua izanik, halako zerbitzuak edozein unetan pribatizatu daitezke aiseago. Hori dela-eta 3.000 lanpostu suntsitu dira.

ELAren eskueran dauden baliabide guztiak erabiliko ditugu plantillak egonkortzeko, eta gaur egun nagusi den prekarietateari amaiera emateko. Horrela bakarrik eraiki ahal izango dugu osasun-sistema publiko eta kalitatezko bat gure gizartearen zerbitzura.