MAHAI SEKTORIALA
Osakidetzak lehen arretan sartuko ditu espezialitaterik gabeko psikologoak
Osakidetzako Mahai Sektorialak aurkeztutako proposamenak psikologia klinikoan espezializaziorik gabeko psikologoak sartzea planteatu du, eta horrek esan nahi du profesional horiek ezin dituztela beren lankide psikologo klinikoen funtzio berak bete. Psikiloko klinikoak dira Osakidetzak gaur arte kontratatu dituen eta osasun mentaleko patologiak artatzen dituzten profesionalak. Praktikan, orain proposatzen dituzten psikologoek ezin izango dute diagnostikorik egin, ezta tratamenduak bideratu ere. Horrenbestez, Osakidetzak planteatzen zuen errefortzu hori oso mugatua izango da, eta osasun mentalaren prebentzio eta sustapen lanetara mugatua.
Gaur egun osasun mentaleko patologiak artatzen dituzten zerbitzuek prekarioan lan egiten jarraituko dute, itxaron zerrendak ez dira murriztuko, eta pazienteek ikusten jarraituko dute osasun publikoak ez dauzkala baliabide egokiak osasun mentalari lotutako patologiak artatzeko. Hori gutxi balitz, Osakidetzak aldi baterako kontratazio zerrenda bat irekitzea planteatu du, psikologo lanpostua formalki sortu gabe, gaur egun ez baitago halakorik, eta zerrenda hori nola ordenatuko den erabaki gabe.
ELAk argi dauka Osakidetzak psikiatra eta psikologo kliniko gehiago behar dituela; eta osasun mentaleko erizaintzako plantillak ere indartu behar dituela. Osasun Sailak psikologo klinikoak kontratatzeko dauzkan zailtasunak azaleratzen ditu, eta Ministerioaren eta eskaintzen diren espezializazio plaza urrien aitzakia erabiltzen du. Hala ere, eta Eusko Jaurlaritzak eskumen desberdinen transferentziari buruzko propaganda behin eta berriz egin arren, Pradalesen Gobernuak ez du Estatuarekin gatazkarik ireki nahi, eta ez du bere osasun profesionalen espezializazioa bere gain hartzeko eskumena eskatu nahi.
ELAk Eusko Jaurlaritzari eta Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdi politikoei exijitu die beren ordezkaritza balia dezatela EAEk osasun langileen prestakuntza espezializatua bere gain har dezan. Era berean, eta profesionalak erakartzeko eta fidelizatzeko, ezinbestekoa da lan baldintzak hobetzea. Behin-behinekotasuna eta lan karga handiak, besteak beste, lanbide profil eskasiaren atzean daude.