Osakidetzako EPEak %38ko behin-behinekotasuna utziko du eta ez ditu konponduko erekundeak bizi dituen enplegu arazo larriak

2018/04/19
Eusko Jaurlaritzak Osakidetzaren EPEaren bidez kanpaina egiten duen bitartean, herri honetako osasun publikoko enplegu-egoera okertuz doa; eta beraz, gizarteari eskaintzen zaion arreta-kalitatea gero eta prekarioagoa da.7.000 lanpostu gehiago deitu beharko liratezke behin-behinekotasuna %6ra jeisteko.

Osakidetzako Zuzendaritzak sinestarazi nahi digu EPEaren ondoko egoera ezin hobea izango dela; baina EPEak ez du inola ere konponduko Osakidetzaren gaur egungo prekarietate larria, eta bidenabar esan dezakegu EPEa gauzatzeko modua ere erabateko anabasa dela:

EPEaren kudeaketa nahaste bat izaten ari da: kategoria batzuetan hilabete bateko aurrerapenarekin bakarrik jakinarazi dira azterketa datak; beste batzuetan oposiziogileak hiru hilabete baino gutxiago izango dituzte azterketak prestatzeko, Oinarri Espezifikoak argitaratu zirenetik; aurreko EPEetan baino gai gehiago sartu dira; euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak ez datoz bat; sartu dituzten gai batzuk ez dira egokiak; gaitegia eta bibliografia ez datoz bat; eta horrela, EPE hau benetako nahaste bat bihurtu duten arazo zerrenda luze bat.

Hori gutxi balitz, aurreko EPEan deitutako 9 kategorietatik, bi kategoriatan oraindik ez dute argitaratu destinoen esleipena: Administrari Laguntzaileak eta Fisioterapeutak. Horrek egoera maltzur batean jarri ditu oposiziogileak EPE deialdi berrian inskribatzera behartuta egon direlako, tasak ordaindu eta azterketak prestatu oraindik ez dakitelako plaza lortuko duten edo ez.

EPE hau amaitzen denean, behin-behinekotasuna %38koa izango da: Osakidetzak 15.000 aldi baterako langileak ditu. Testuinguru horretan Osakidetza harro agertu da azkenaldiko EPErik ugariena atera duelako, 3.335 postuko EPE bat. Baina esaten ez duena da 4.000 lanpostu inguru hutsik geratuko dira langileen erretiroa dela eta. Hortaz, EPE hau amaitzen denean, 16.000 aldi baterako langile baino gehiago egongo dira Osakidetzan.

Egoera hain muturrekoa da ezen, batzuetan, langileak erretiro-adinera arte behin-behineko egoeran heltzen baitira.

Eroste-ahalmenaren galera metatua %21ekoa da: 2010. urteaz geroztik egindako murrizketen ondorioz eroste-ahalmenaren galera metatua %15etik gorakoa da. Horri gehitzen badiogu Lanbide Garapenaren osagarrian egindako murrizketa, galera metatuta %21koa da.

Gaixo egoteagatik zigortzen dira langileak: Osakidetzako langileak gaixotu eta lanera joan ezinik dauden bakoitzean zigortuak izaten dira. Osakidetzak gaixotasun-egoeretako murrizketak mantendu ditu, eta horrek ondorio larriak dakarzkie euskal osasun publikoko langileei eta erabiltzaileei.

Gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala %25ekoa da: Osakidetzak berak egindako diagnostikoaren arabera, gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala %25ekoa da. Eta datu hori bereziki esanguratsua da Osakidetzan, non plantillaren %80 emakumeak diren. Eta hain emakumezkoena den plantilla horretan emakumeak %25 pobreagoak dira gizonak baino.

Gure borroka sindikalari esker, Osakidetzak emakume erdiberriak eta haurdun daudenak kontratatuko ditu baina salatu behar dugu Osakidetzako enplegu-politikek sakondu baino ez dutela egin gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunetan.

  • Lanaldiaren %51etik beherako kontratuen %90 emakumeentzakoak dira.

  • Legezko zaintzagatik egiten diren lanaldi-murrizketen %92,55ak emakumeek hartzen dituzte.

  • Osakidetzan diharduten emakumeen %3,96ak bakarrik aritzen dira aginte-postuetan, gizonen %11,43aren aldean.

  • Osakidetzan aritzen diren emakumeen %19ek bakarrik osasun-lizentziaturako postuak betetzen dituzte, gizonen %45,12aren aldean.

  • Osakidetzan lan egiten duten 10 emakumeetatik 4 aldi baterakoak dira, gizonen %28,55aren aldean.

Lan kargak haunditzen dira etengabe: aspaldidanik salatu dugu ELAtik Osakidetzako egitura-plantillak ez dituela behar bezala betetzen pertsonal-beharrizanak. Horren ondorioz profesionalek lan-karga onartezinak onartu behar dituzte, eta ematen duten zerbitzua gero eta prekarioagoa da.

Egoera horren aurrean Osakidetzak proposatu duen konponbide bakarra adabakiak jartzea da, baina horrela egoera larriagotuz doa, eta pertsonalaren lan-baldintzak are prekarioagoak izango dira.

Horiekin batera beste gainkarga batzuk ditugu: bajetan lehen egunetik ez ordeztea, zerbitzuetako langile-kopuru urria (lan-kargak gero eta handiagoak).

Zerbitzuen pribatizazioa jarraizen du: Osakidetzaren politikak osasuna pribatizatzearen ildotik doaz, gure osasuna ere negozioa da batzuentzat. Aski frogaturik dago pribatizatu diren zerbitzuak ez direla merkeagoak, eta kalitatea eskasekoagoak direla.

Gure borroka sindikalari esker, gaurko egunean Urdulizko Ospitalea publikoa da %100, eta horrela izan behar da Eibarko Ospitale berrian ere (aurtengo abenduan irekitzekoa).

Egoera honen aurrean, ELAk, berriro ere, Osakidetzari eskatu eta exijitu nahi diogu:

  1. Murrizketa guztien leheneratzea.

  2. %6ko behin-behinekotasun tasa 3 urtetan.

  3. Soldataren %100a gaixotasun bajetan.

  4. Gizonen eta emakumeen aukera-berdintasuna sustatzeko politikak martxan jartzea.

  5. 5.000 egitura-postu gehiago sortzea.

  6. Osasun publikoa, kalitatezkoa eta guztiontzat.