Osakidetzako EPEak % 38ko behin-behinekotasuna utziko du eta ez ditu konponduko erakundeak bizi dituen enplegu arazo larriak

2018/05/23
Eusko Jaurlaritzak Osakidetzaren EPEaren bidez kanpaina egiten duen bitartean, herri honetako osasun publikoko enplegu-egoera okertuz doala salatu du ELAk Basurtoko Ospitalean egindako elkarretaratzean. Era berean, gizarteari eskaintzen zaion arreta-kalitatea gero eta prekarioagoa dela azaldu du.

EPEaren kudeaketa nahaste bat izaten ari da: kategoria batzuetan hilabete bateko aurrerapenarekin bakarrik jakinarazi dira azterketa datak; beste batzuetan oposiziogileak hiru hilabete baino gutxiago izango dituzte azterketak prestatzeko, Oinarri Espezifikoak argitaratu zirenetik; aurreko EPEetan baino gai gehiago sartu dira; euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak ez datoz bat; sartu dituzten gai batzuk ez dira egokiak; gaitegia eta bibliografia ez datoz bat; eta horrela, EPE hau benetako nahaste bat bihurtu duten arazo zerrenda luze bat.

Hori gutxi balitz, aurreko EPEan deitutako 9 kategorietatik, bi kategoriatan oraindik ez dute argitaratu destinoen esleipena: Administrari Laguntzaileak eta Fisioterapeutak. Horrek egoera maltzur batean jarri ditu oposiziogileak EPE deialdi berrian inskribatzera behartuta egon direlako, tasak ordaindu eta azterketak prestatu oraindik ez dakitelako plaza lortuko duten edo ez.

EPE hau amaitzen denean, behin-behinekotasuna %38koa izango da: Osakidetzak 15.000 aldi baterako langileak ditu. Testuinguru horretan Osakidetza harro agertu da azkenaldiko EPErik ugariena atera duelako, 3.335 postukoa. Baina esaten ez duena da 4.000 lanpostu inguru hutsik geratuko direla langileen erretiroa dela eta. Hortaz, EPE hau amaitzen denean, 16.000 aldi baterako langile baino gehiago egongo dira Osakidetzan.

Egoera hain muturrekoa da ezen, batzuetan, langileak erretiro-adinera arte behin-behineko egoeran heltzen baitira.

Eroste-ahalmenaren galera metatua %21ekoa da: 2010. urteaz geroztik egindako murrizketen ondorioz eroste-ahalmenaren galera metatua % 15etik gorakoa da. Horri gehitzen badiogu Lanbide Garapenaren osagarrian egindako murrizketa, galera metatuta % 21ekoa da.

ELAk irabazi berri duen epaiak bi eginbehar ezarri dizkio Osakidetzari: lanbide-garapenaren deialdiak ebaztea, 2011n zabaldu eta alde bakarretik bertan behera utzi zituenak; eta dagozkien soldata-osagarriak ordaintzea, atzerakinak ere barne, munta osoa 100 milioi eurotik gorakoa bilduko duena.

Gogora ekartzekoa da ELAk eskatu ziola Osakidetzari lanbide-garapenaren eredua berraztertzeko, eta irtenbide bat adosteko. Horregatik, hain zuzen, egin ziren orduko grebak. Hala ere, Osakidetzaren negoziazio-borondaterik ezaren aurrean, ez dugu besterik izan auzitara jo eta epaia irabaztea baino.

Osakidetzari esaten diogu berak, eta ez beste inork, eragindako egoera hau behingoz konpondu nahi badu ez dezala epaiaren aurkako helegiterik sartu eta has dadila benetan negoziatzen, langile guztien garapen profesionaleko sistema bidezko, objektibo eta berdintasunezkoa taxutze aldera.

ELAtik bilera bilateral bat eskatu diogu Osakidetzari eta bere erantzunaren zain gaude.

Gaixo egoteagatik zigortzen dira langileak: Osakidetzako langileak gaixotu eta lanera joan ezinik dauden bakoitzean zigortuak izaten dira. Osakidetzak gaixotasun-egoeretako murrizketak mantendu ditu, eta horrek ondorio larriak dakarzkie euskal osasun publikoko langileei eta erabiltzaileei.

Gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala % 25ekoa da: Osakidetzak berak egindako diagnostikoaren arabera, gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala % 25ekoa da. Eta datu hori bereziki esanguratsua da Osakidetzan, non langileriaren %80 emakumeak diren. Eta hain emakumezkoena den langileria horretan emakumeak % 25 pobreagoak dira gizonak baino.

Gure borroka sindikalari esker, Osakidetzak emakume erdiberriak eta haurdun daudenak kontratatuko ditu, baina salatu behar dugu Osakidetzako enplegu-politikek sakondu baino ez dutela egin gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunetan.

  • Lanaldiaren % 51etik beherako kontratuen % 90 emakumeentzakoak dira.

  • Legezko zaintzagatik egiten diren lanaldi-murrizketen % 92,55a emakumeek hartzen dute.

  • Osakidetzan diharduten emakumeen % 3,96a bakarrik aritzen da aginte-postuetan, gizonen % 11,43aren aldean.

  • Osakidetzan aritzen diren emakumeen % 19ak bakarrik osasun-lizentziaturako postuak betetzen ditu, gizonen % 45,12aren aldean.

  • Osakidetzan lan egiten duten 10 emakumetatik 4 aldi baterakoak dira, gizonen % 28,55aren aldean.

Lan kargak handitzen dira etengabe: aspaldidanik salatu dugu ELAtik Osakidetzako egitura-plantillak ez dituela behar bezala betetzen pertsonal-beharrizanak. Horren ondorioz profesionalek lan-karga onartezinak onartu behar dituzte, eta ematen duten zerbitzua gero eta prekarioagoa da.

Egoera horren aurrean Osakidetzak proposatu duen konponbide bakarra adabakiak jartzea da, baina horrela egoera larriagotuz doa, eta pertsonalaren lan-baldintzak are prekarioagoak izango dira.

Horiekin batera beste gainkarga batzuk ditugu: bajetan lehen egunetik ez ordeztea, zerbitzuetako langile-kopuru urria (lan-kargak gero eta handiagoak).

Zerbitzuen pribatizazioak jarraitzen du: Osakidetzaren politikak osasuna pribatizatzearen ildotik doaz, gure osasuna ere negozioa da batzuentzat. Aski frogaturik dago pribatizatu diren zerbitzuak ez direla merkeagoak, eta kalitatea eskasekoagoak direla. Gure borroka sindikalari esker, gaurko egunean Urdulizko Ospitalea publikoa da %100ean, eta horrela izan behar da Eibarko Ospitale berrian ere (aurtengo abenduan irekitzekoa).

Egoera honen aurrean, ELAk, berriro ere, Osakidetzari eskatu eta exijitu nahi dio:

  1. Murrizketa guztien leheneratzea.

  2. % 6ko behin-behinekotasun tasa 3 urtetan.

  3. Soldataren % 100a gaixotasun bajetan.

  4. Gizonen eta emakumeen aukera-berdintasuna sustatzeko politikak martxan jartzea.

  5. 5.000 egitura-postu gehiago sortzea.

  6. Osasun publikoa, kalitatezkoa eta guztiontzat.