Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariordearen dimisioak ez du sakoneko aldaketarik ekarriko

2019/09/02
Xabier Balerdi, Giza Baliabideetako zuzendariordearen erreleboak, aurrekoko kasuetan bezala, ez du balio izango osasungintza publikoak bizi dituen arazo larriei konponbidea bilatzeko. ELAtik behin eta berriro salatu izan dugu azkeneko EPEan gertaturikoa ez dela izan gertaera isolatua, sistema ustel baten erakusgarria baizik. Eta sistema ustel horretako agintean zerbitzuburu jakin batzuk daude, Osakidetzako Zuzendaritzaren babes osoaz.

Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariordearen dimisioaren aurrean, ELAk, honakoa adierazi nahi du:

  • Bere idatzian Fiskaltzak jaso zuen azkeneko EPEan izandako irregulartasunetan Osakidetzako Zuzendaritza izan dela giltzarria, tartean, Balerdi bera. Fiskaltzak argi zioen: “azkenean azterketa nortzuk prestatuko zuten Osakidetzako Zuzendaritzak erabakitzen zuen; honek pertsona zerrenda bat eman zien, espezialitateko bana. Izen horiek eman zituztenak Giza-Baliabidetako Zuzendaria eta zuzendariordea eta Osasun-Arretako Zuzendaria izan ziren ”.

Hori horrela izanik, eta gertatutakoaren larritasuna kontuan hartuta, ELArentzak bere kargugabetzea ezinbestekoa zen eta askoz lehenago gauzatu behar zen.

  • Hala ere, eta aurreko dimisioekin gertatu den bezala (Juan Carlos Soto, Giza Baliabideetako Zuzendaria; Ricardo Ituarte, Ekonomia eta Finantza Zuzendaria; Maria Jesus Mugika, Osakidetzako Zuzendari Nagusia) Balerdi Jn.ren erreleboa pertsona aldaketa bat baino ez da, ez da gertatzen, beraz, politiken eta hautaketa sistemaren aldaketa bat.

  • ELAtik behin eta berriro salatu izan dugu azkeneko EPEan gertaturikoa ez dela izan gertaera bakana, sistema ustel baten erakusgarria baizik. Eta sistema ustel horretako agintean zerbitzuburu jakin batzuk daude, Osakidetzako Zuzendaritzaren babes osoaz. Horiek dira benetan kontrolatzen dutenak nor ariko den haietako bakoitzaren zerbitzuan, bai aldi baterako kontrataziopean, bai mugagabekoan ere, behin EPEa gainditu ondoren. Hori horrela izanik, enplegu publikoan aintzat hartu behar diren printzipioak ez dira aintzat hartzen, zerbitzuaren kalitatearen kaltetan. Hautaketa-sistema ustel baten katemailak dira.

  • Osakidetzan berdintasunean oinarritutako hautaketa sistema gardena nahi badugu, sistema ustel horrekin amaitu behar da behin-betiko; baita honen oinarrian dagoen lan prekaritatearekin bukatu ere.

  • Gaur arte Osakidetzak ez du aurrerapausorik eman, ez bide batean, ez bestean. Osakidetzak osasungintza publikoak bizi dituen arazo larriak jorratu behar ditu eta horretarako aldaketa sakonak egin behar ditu gaur egungo errealitatea aldatzeko:

         - Mediku espezialisten hautaketa sistema ustelarekin amaitu.

         - Behin-behinekotasun tasak (%40) jaitsi.

         - Murrizketa guztiak leheneratu.

         - Pribatizazioekin amaitu

                 - Lehen Arretak bizi duen egoera larriari heldu.