ARABAKO ERRESIDENTZIA ETA ETXEBIZITZA KOMUNITARIOAK

Patronalek eta Aldundiak ez dute probintzia hitzarmenik nahi

2025/05/29
Egoera horren aurrean, ekainaren 4an eta 5ean langileak grebara deituta daude.

ELAk eta LABek 6 urte baino gehiago langileen lan baldintzak hobetzeko borrokan eman ondoren, sektoreko Patronalek eta Foru Aldundiak ez dute ezer adosteko interesik. Aldundiak sektorean erantzukizuna duela eta gaian esku hartu behar zuela eskatzen urteak dira. Aldundiaren azken proposamenaren ondoren, sindikatuek bilera bat eskatu diote baina behin eta berriz baztertu dela salatu dute. "Dozenaka promesa bete gabe eta atzerapen handian egon ondoren, Aldundiaren jarrera oso bidegabea da gure adinekoen zaintzaz arduratzen den sektore pribatizatu honekiko", salatu dute prentsaurrekoan.

Bestalde, patronalek blokeo jarrerarekin jarraitzen dute. Datu gisa, urtebete igaro da azken proposamena egin zutenetik, eta azken negoziazio mahaia bertan behera geratu zen haien ekimenez. Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektorea ezin da izan langileen lan baldintza prekarioekin negozioa egiteko eremu bat.

ELAk eta LABek borrokan eta grebak egiten jarraituko dute Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmena lortu arte. Prekaritatearekin amaituko duen hitzarmen bat ezinbestekoa da. Bide horretan, ekainaren 4an eta 5ean grebara joko dute.