Polizia Legearen aldaketa sindikatuen iritzia entzun gabe hasi du Jaurlaritzak

2018/09/27
Eusko Jaurlaritzak, EAEko Polizia Legea aldatzeko proiektuaren tramitea hasi du Legebiltzarrean. Legearen bosgarren aldaketa proiektua izango litzateke hau. Lege honek, Ertzaintzari, EAEko udaltzain guztiei eta udalerri txikietako aguazilei eragiten die; beraien egitura eta egin beharrekoei dagokienez, baita euren lan baldintzei dagokienean ere.

Langile publiko orori eragiten dien edozein lege proiektu, Legebiltzarrean aurkeztu aurretik, Funtzio Publikoko kontseiluan Sindikatuokin negoziatu behar da, Euskal Funtzio publikoko legeak bere zortzigarren artikuluan esaten duenaren arabera.

Kasu honetan, ELAk prentsaren bitartez ezagutu du 2018ko ekainean Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Polizia Legea proiektua onartu duela, eta bere tramitazioari ekingo diola Legebiltzarrean. Beraz, Eusko Jaurlaritzak ez du bete Euskal Funtzio Publikoko Legeak esaten duena.

Eusko Jaurlaritzak gardentasunik gabe jokatu du eta hala jokatzen jarraitzen du Polizia Legearekin, ez sindikatuon, ez langileen eta ezta herritarren iritziak entzun gabe aurkeztu baitu Legebiltzarrean egitasmoa.

ELAk irailaren 25eko Euskal Funtzio Publikoaren Kontseiluko bileran idatzi bat aurkeztu zuen, egoera salatuz eta ahal bezain pronto, Euskal Polizia Lege egitasmoaren inguruan eztabaidatzeko Kontseiluaren osoko bilkura deitzeko eskatuz.