LANGILE PUBLIKOAK
PSOE-EAJ akordioak agerian uzten du borondate politikoa izanez gero, hemen erabaki daitezkeela lan baldintzak

Sektore publikoko greba deitu duten ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek bilera egin dute greben balorazioa egin, eta urratsak adosteko abenduaren 19ko greba ere arrakastatsua izan dadin. Aldi berean, Pedro Sanchezen inbestidurarako EAJren eta PSOEren arteko akordioa baloratu dute sindikatuek, non euskal langile publikoen enplegua berritzeko tasei eta soldata igoerei buruzko atal bat jasotzen da. Akordioaren testuari zehaztasuna falta zaio, eta ez du bermatzen EAEko langile publikoen enplegua eta soldata hemen erabaki ahal izatea. Hala ere, adostutakoak arrazoia ematen die sindikatuei, behin eta berriz adierazi baitute euskal herriko langile publikoen enplegua eta soldatak hemen erabaki ahal izatea borondate politikoaren kontua dela. Agerian utzi ditu Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu eta lehendakaria bera; enplegua eta soldata Estatuaren eskumenekoak direla ziurtatu dute hainbatean, eta sindikatuek hori eurek politikoki higatzeko erabili dutela adierazi baitute.
Sindikatuek uste dute greben eta mobilizazioen jarraipen zabalak duela hamarkada bat baino gehiagotik itxita zegoen bidea zabaltzea lortu duela. Denbora horretan, Estatuak, batzuetan Euskal Herriko erakunde eta alderdi politikoen bermearekin, langile publikoen lan baldintzak inposatu ditu, eta horrek ondorio larriak eragin dizkie bai langileei, bai zerbitzu publikoen kalitateari. Adierazi bezala, borondate politiko kontua da, eta borondate hori aldatzeko unea da, hemen erabaki behar da negoziazioaren bidez.
Horregatik, sindikatuek erakundeei zein alderdi politikoei eskatu nahi diete Estatutik datozen mugak eta betoak behingoz kentzea, soldata eta enplegu publikoaren beharrak hemen erabakitzeko. Eta aurrekontu partida nahikoak onartzea, honako neurriak hartzeko: zerbitzu publikoak indartzeko, pribatizazioekin amaitzeko, enplegu publikoa sortu eta eta kontsolidatzeko, lan baldintzak hobetzeko, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko, langileen lan osasuna bermatzeko, administrazioaren euskalduntzean urratsak egiteko eta genero diskriminazioarekin amaitzeko. Mobilizazioekin eta greba egunekin bat egiteko deia egin diete langile publikoei, hori baita lan baldintzak hobetzeko eta gure zerbitzu publikoen asistentzia kalitatea hobetzeko bidea.