Segurtasun Sailaren eta Erne eta Esan sindikatuen artean lorturiko akordioa iruzurra da Ertzainentzat

2018/06/08
ELA-Ertzaintzak salatzen du aipaturiko sindikatuek onartu duten brigada mugikor hori merkeagoa dela, eskubide gutxiagorekin eta Sailaren gogoko egutegiarekin. ELAk ezetz esan dio mahaiaren 103. bileran Segurtasun Sailak eta ERNE eta ESAN sindikatuek erdietsi duten akordioari, Ertzaintzak alde guztietatik —eta ondorioz herritarrek— pairatzen duten prekarietate eta murrizketa politikari eutsiko diolako.

ELAren iritziz akordio horrek Sailaren interesak beteko ditu soilik, eta hala adierazi du Segurtasun sailburuak berak, sindikatu sinatzaileek jarrera posibilista izan dutela esan duenean.

Orain dela hilabete luze ELAk egiten zituen iragarpenik txarrenak frogatuta geratu dira. Hala da, sindikatu batzuek Sailarekin zeramaten alde bietako eta eduki partzialetako negoziazio-moduaren emaitzak bistan daude.

Brigada mugikorra modernizatzeko akordioa txeke zuria da Sailaren eskuetan. Beraz, brigada mugikorra merkeagoa izango da, eskubide gutxiagorekin eta Sailaren gogoko egutegiarekin; ertzain gehienek nahi ez duten modukoa.

Ikerketaren eta herritarren segurtasunaren arloan ontzat eman dute pertsonalaren lan-prekarietatea, polizia-lana egokiro betetzeko unitateko eta saileko behar den ertzain-kopuruagatik arduratu gabe. Eta SAMen sarbide-adina aurreratzea onartu dute, osasunarentzat hain kaltegarria den gaueko zerbitzurik ez egiteko eskubideari uko egitearen truke (13 €/gaueko jasotzeko).

Bestalde, sindikatuek bake soziala onartu dute; eta 2013an iraungi zen akordioaren negoziazioa udazkenera arte atzeratuko dute. Esan behar dugu, bide batez, akordio hori sistematikoki urratu duela orain arte Sailak berak, eta ez-betetzeen zerrenda ez da laburra: soldatak, Itzarri, aldi baterako ezintasunak, lanbide-garapena, erretiro-primak...

Azkenik ELAk onartezina deritzo Sailaren interesen menpe makurtze horri. Horrelako akordioek eta jokabideek, hain zuzen, eraman gaituzte Ertzaintza gaur egun dagoen egoera larrira. Guretzat espero izatekoak ziren horrelako akordioak zenbait sindikaturen aldetik, ez baitute sinesten mobilizazioan, eta azken lau urteotan hala erakutsi dute; baina ez genuen espero beste sindikatu batzuen aldetik, azken lau urteotako mobilizazio-dinamika guztiz zapuztu baitute.